M7 ONTZIRATU

“Orain da maiatzaren 7ko galdeketa antolatzeko momentua”

Baleike 2017ko mar. 30a, 14:00

Herri galdeketarako hilabete falta den honetan, Ontziratu plataformak larunbaterako bilera irekia deitu du. Egun bertan eta aurretik egin behar diren eginkizunetarako laguntzaileak behar dituzte.

“Jendeari laguntzera etortzeko indarra edo inpultsoa eman nahi diogu. Horretarako egingo dugu larunbateko batzar irekia”, aipatu dute Ontziratuko partaide diren Mendigaña Gorostiaga eta Asun Elduaienek. Hilabete eskas gelditzen da herri galdeketarako eta tartean Aste Santua eta santelmoak izaki, gelditzen den denbora ez da oso handia. “Apirila nahiko jaiegunez beteta daukagu, eta beraz, antolatzeko momentua iritsi da. Gainera jendea galdezka ari da, parte hartzeko gogoa dute askoek. Horregatik, larunbateko bileran, hemendik aurrera gelditzen diren eginkizunen berri emango dugu”, adierazi du Gorostiagak.

Alondegian 11:00etan burutuko den bileran, izena emateko aukera egongo da, baina batez ere, lantaldeak zeintzuk izango diren azaltzeko parada hartuko dute antolatzaileek. “Gehienbat, galdeketaren egunerako beharko dugu jendea. Nahiz eta aurrez egiteko beste eginkizun batzuk izan”, aipatu du Elduaienek.

Alde batetik, bozka mahaietan egoteko pertsonak beharko dituzte. Hiru bozka leku izango dira (Beheko plaza, Poligonoa eta Oikia) eta bakoitzean bi mahai egongo dira. Horiek, bere aldetik, hiru pertsonez osatuta izango dira. “Bi bokal eta ordenagailuan ongi moldatzen den pertsona bat”, aipatu dute.

Beste aldetik, prestakuntza orokorrerako pertsonak beharko dira. Talde honetako laguntzaileak bozka lekuak ipintzen ariko dira, eszenatokia muntatzen, bozka paperak jartzen… “Elektrizitate lanez arduratuko direnak ere beharko ditugu, eta baita kaleko salmenta burutuko dutenak ere”, adierazi dute. Haurrentzako txoko bat  jartzea aurre ikusten dute, eta eszenatokian musika eta abar izango dira. Hori guztia Beheko plazan egongo da.

Amaitzeko, eta prozesua behar bezala doan ikusteko, kanpotik eta independenteak diren begiraleak etorriko dira. “Izena edo prestigioa duten pertsonak dira, prozesuarekin zerikusirik ez dutenak, eta dena garbi egiten ari dela kontrolatuko dute”, esan du Elduaienek.

Lehen aipatu bezala, eginkizun ia guztiak maiatzaren 7an bertan egitekoak izango dira, baina aldez aurretik egin beharko diren lan batzuk ere badaude. “Etxeko atarietan paper informatiboak banatzeko jendea beharko dugu, baita bozka paperak etxeetara eramateko ere, baina beste guztia egun bertan egingo da”, aipatu du Gorostiagak. 

Izen-emateko aukerak

Pertsona bakoitzak bere burua ongien ikusten duen lan taldean kokatu ahal izango du, eta beharraren arabera, talde batean jende kopuru handiagoa edo txikiagoa egongo da. Laguntzaile bezala parte hartzeko baldintza bakarra 16 urte izatea da. “Bozka emateko gutxieneko adina ere berbera da, baina Zumaian erroldatua egon beharko da. Laguntzeko aldiz, ez da baldintza hori behar. Norbait laguntzeko prest azaltzen bada nahiz eta herrian erroldatua ez egon, ez da arazorik izango”, nabarmendu du Gorostiagak.

Izen emateko aukera dagoeneko zabalduta dago larunbatetan jartzen duten stand-ean. “Han betetzeko orriak ditugu, eta larunbateko bileran ere izango dira. Horretaz gain, Baleiken, gure komunitateko perfilean, izena emateko aukera jarriko dugu lotura baten bidez, eta korreo elektronikoz (galdeketazumaia@gmail.com) ere jasoko dira”, adierazi dute.

Eginkizun guztiak antolatzeko, Azpeitiko herri galdeketaren eredua hartu dute oinarri gisa. “Haiek lan asko eginda zuten eta lagundu ere egin gaituzte eginkizunak zehazten. Beraiek egindako banaketa egokia zela iruditu zitzaigun, eta guk ere antzekoa egin dugu”, esan du Elduaienek.

Azken txanpan murgilduta aurkitzen da antolakuntzako taldea, eta lan karga dezenterekin. “Horregatik, jendeari helarazi nahi diogun mezua zera da: maiatzak 7ko herri galdeketa egon dadin, hau da momentua. Hau da guztiok elkar lagundu eta antolatzeko garaia, bestela ez da maiatzaren 7an galdeketarik izango. Beraz, larunbatean oso garrantzitsua da Alondegia betetzea, jendea joatea izena emateko gogoarekin. Hortik aterako da maiatzaren 7ko prestakuntzarako indarra”, azpimarratu dute.