Elefantea eta burujabetzaren parabola

Baleike 2017ko mar. 30a, 12:39
Miren Larrion eta Patxi Zabaleta, atzo Alondegian.

Herri galdeketetan %50eko parte hartzera iristea jarri du erronka Patxi Zabaletak; “gaudenak baino askoz gehiago izan gaitezke” bota du Miren Larrionek. Burujabetzaz eta erabakitze eskubideaz hitz egin dute EHBilduko bi kideek Alondegian, koalizioak antolatutako solasaldian. Batak zein besteak esandakoak jarraian, puntuz puntu jasota.

Burujabetzaz

Miren Larrion: Zirkuetako elefanteak jaiotzen direnetik bizi dira kate bati lotuta. Txikiak direnean ihes egiten saiatzen dira, baina katea lodiegia da, enborra astunegia, eta ezin dute. Hazten diren neurrian gero eta gutxiago saiatzen dira eta, heldutasunera iristean, katea hausteko indarra daukatenean, jadanik ez dira saiatu ere egiten. Ezina barneratu dute. Babesgabetasun ikasia deitzen zaio horri.

Patxi Zabaleta: Behiak ikuiluan lotuta egon ohi dira. Txahala jaiotzean lotu egin behar izaten da, etsi arte; “hezita dago”, esaten da amore ematen duenean. Behin hezita, txahalak badaki lotuta biziko dela beti.

Larrion: Zergatik onartu behar dugu datorrena? Zergatik ezin dugu guk erabaki nola bizi nahi dugun? Itun soziala noiz jartzen da zalantzan? Noiz onartu dugu guk aberatsak egon daitezkeela? Ikasarazi diguten hori desikastea da burujabetasuna, mahai gainean jartzea dena eta erabakitzea zer nahi dugun eta zer ez.

Zabaleta: Erabakitzeko eskubidea garrantzitsua da, baita ere, duintasunaren ikuspegitik. Eta eguneroko bizimoduan. Paktuaz, itunaz hitz egiten da asko, aldebikotasunaz: foruak, estatutuak... Ez dago benetako aldebikotasunik erabakitze eskubiderik gabe. Kupoa negoziatzeko ere erabakitzeko eskubidea behar da; hori gabe, ez dago indarrik.

Maiatzaren 7ko herri galdeketaz

Larrion: Maiatzaren 7an probatuko da elefanteak zer indar duen...

Zabaleta: Euskal Herrian egiten ari diren ahaleginetan urrats bat aurrera egin behar da. Asko daukagu jokoan eta helburu ausartagoak jarri behar ditugu. Esate baterako, galdeketetako parte hartzeak %50eko mugara iritsi behar du. Zergatik? Jendeak gutxietsi egiten dituelako erdira iristen ez diren bozketak. Eta Euskal Herritik kanpo ere, Espainiako estatuko herritarrei ulertarazi behar diegu hemengo independentzia mesede dela beste herrietako langileentzat ere. Independentziaren alde soziala ezin da alde batera utzi. Herri askeen dohaina da solidaritatea. Ardiak ez dira solidarioak. Erabakitze ahalmena duten herriek, herri askeek, eman dezakete erantzun duina.

Gizartea lo al dago?

Larrion: Gizartea ez dago agian guk nahiko genukeen lekuan, baina probatzen ari gara. Gehiago egin behar dugu, baina gauza asko egiten dira herrigintzan. Korrikak ere egiten du nazioa. Baina gaudenak baino askoz gehiago izan gaitezke.

Zabaleta: Nafarroako Erriberan Korrikako kilometroak luzeagoak direla dio Caparrosoko batek. Euskal Herriak badu Zumaia eta badu Buñuel. Maiatzaren 7a desafio bat da, erronka bat da, hurrengoei eragingo diena. Zer egin? Garrantzitsua dela adierazi, argudioak eman. Argudio sozialak, nazionalak, giza mailakoak, etorkizunari begirakoak.

1976an amnistiaren aldeko kanpainan ibili ginen herriz herri. Neu Jacinto Otxoa Martirikorenarekin ibili nintzen. Izquierda Republicanako kide zen eta 28 urte era erdiz eduki zuten kartzelan. Hark esaten zuen: “Amnistia da nik gizarteari barkatzen diot”. Hasieran oso jende gutxi etortzen zen gure saioetara, “soilik konbentzituta daudenak etortzen dituk”, esaten zuen Jacintok. Baina gero uholde bihurtu zen, denak etorri ziren eta amnistia lortu zen.

Estatus berriaz, etorkizunaz

Larrion: Gasteizko Legebiltzarrean autogobernurako ponentzia jarriko da martxan. EHBilduk estatus berria planteatuko du. Zer espero dugun? Status quo-a mantentzea. Baina gu prest gaude bidea agortzeko, hemen adostasuna badago herriari galdetu eta Madrilen defenditzeko.

Zabaleta: Ibarretxeren ekimenak erabakitze eskubidea aldarrikatzen zuen, oso garbi formulatuta ez zegoen arren. Estatutu batek eskumen asko jaso ditzake baina erabakitze eskubidea ez badu, estatutu txarra da. Horiek dira EAE eta Nafarroako kasuak. Hobe eskumen gutxi baina erabakitze eskubidea jasotzea, lantzeko aukera ematen duelako.

Larrion: Eta Madrilen ezezkoaren aurrean zer? Zer egingo dugu? Zer egin nahi dugu? Katearen indarra probatuko dugu edo lotuta jarraituko dugu?

Zabaleta: EAEko legebiltzarretik atera daitekeenarekin ez daukat itxaropen handirik. Iruditzen zait EAJk ihes egin nahi diola gaiari. Ibarretxeren plana ere ez litzateke aterako aurrera. Urkulluk dio adostasunez atera behar dela proposamena, eta horrek beto eskubidea ematen dio PPri.

Larrion: Baina PNVk nola justifikatuko du orain helmuga Ibarretxeren langaren azpitik jartzea? Adostasunez ez du esan nahi derrigor erabateko adostasunez. Gehiengoa eraiki behar da. Bi indar daude aurrez aurre: beldurra eta ilusioa. Esaten digute okerrago biziko garela independentziaren bidea hartuta; horren aurrean erakutsi behar dugu asko daukagula irabazteko.

Independentismoa orain arte ulertu dugu modu itxi batean, baina ireki egin behar dugu ikuspegia, estereotipoetatik urrundu, apurtu. Jendea batu behar dugu, erakarri. Berrituta iritsi iritsi behar du estatu berri horretara.