Beste bost pelikula emango ditu Ostarrenak ekainaren hasierara bitartean

Baleike 2017ko mar. 30a, 10:21

Datorren ostegunean hasiko da Ostarrenak antolatzen duen zine forum denboraldiko azken hiruhilabeteko pelikulen eskaintza. Beste bost pelikula aukeratu ditu Zumaiako zine klubak ekainaren hasierara bitartean. 

Hauek dituzue emango diren pelikulak:

Apirilak 6

Captain Fantastic

Zuzendaria: Matt Ross. Aktoreak: Viggo Mortensen,  George MacKay,  Missi Pyle,  Kathryn Hahn,  Frank Langella. Iraupena: 118 minutu. Generoa: Drama. Herrialdea: AEB. Urtea: 2016. Jatorrizko izenburua: ‘Captain fantastic'.

Aurtengo Cannesko zinema jaialdian Un Certain Regard saileko zuzendari onenaren saria jaso zuen Matt Rossek familia giroko drama honi esker.  Ben (Viggo Mortensen) da filmeko protagonista. Sei seme-alaba ditu, eta Ozeano Bareko ipar-ekialdean hamar urtez bizi ostean, zibilizaziora itzuli beharko du familia osoarekin. Egokitze prozesua ez da erraza izango.

Apirilak 20

Frantz

Zuzendaria: François Ozon. Aktoreak: Paula Beer,  Pierre Niney,  Johann von Bülow. Iraupena: 113 minutu. Generoa: Drama. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2016. Jatorrizko izenburua: ‘Frantz'.

I. Mundu Gerra amaitu da. Alemaniako herri txiki batean, Anna (Paula Beer) egunero doa hilerrira, gerran bertan hildako bere bikotekidea gogoratzeko. Frantz Frantzian hil zen, bataila batean. Hilerrira doan egun batean, Adrienekin (Pierre Niney) egingo du topo, Frantzen hilobian loreak utziko dituen gazte frantses batekin. Elkar ezagutuko dute, baina herriko jendeak ez du Adrien begi onez ikusiko.

Maiatzak 4

Fuego en el mar

Zuzendaria: Gianfranco Rosi. Generoa: Dokumentala. Herrialdea: Italia. Urtea: 2016. Jatorrizko izenburua: ‘Fuocoammare'.

Gianfranco Rosi zuzendari italiarrak Lampedusa uhartean kokatu du bere azken lana. Bertara milaka etorkin ailegatzen dira urtero. Afrika atzean utzi nahian beste hainbeste itota hiltzen dira Mediterraneoan. Giro horretan hazi da Samuel, 12 urteko mutil bat. Bere inguru guztia itsasoari begira bizi arren, berari lurrarekin zerikusia duten jokoak gustatzen zaizkio. Zinemaldiako Perlak sailean egon den pelikula honek, Berlinen Urrezko Hartza irabazi du. Gainera, David di Donatello sarietan lau izendapen lortu zituen iaz.

Maiatzak 18

El viajante

Zuzendaria: Asghar Farhadi. Aktoreak: Shahab Hosseini, Taraneh Alidoosti, Babak Karimi, Mina Sadati. Generoa: Drama. Herrialdea: Iran. Urtea: 2016. Jatorrizko izenburua: ‘Forushande'.

Emar eta Rana Teherango erdigunean bizi den bikote gaztea da. Halako batean, bizi diren apartamentua utzi beharko dute, eraikinean egin behar dituzten lan batzuk direla eta. Bizitoki berria topatuko du bikoteak, baina aurreko apopiloarekin lotutako arazo batzuek ondorio larriak izanen dituzte bikotearen eguneroko bizitzan.

Ekainak 1 

Comancheria

Zuzendaria: David Mackenzie. Aktoreak: Jeff Bridges, Chris Pine, Ben Foster, Gil Birmingham, Katy Mixon. Iraupena: 102 minutu. Generoa:Thrillerra, westerna. Herrialdea: AEB. Jatorriko izenburua: 'Hell of High Water'.

Toby aita dibortziatua da, eta borrokan dabil, semearentzat bizimodu hobe bila, kosta ahala kosta. Tobyren anaia, Tanner, kartzelan egon da. Gizon bortitza da, beti borrokan sartzeko prest, eta pistola erraz ateratzen duten horietakoa. Familiaren arrantxoa galtzeko zorian daude, banku batek kendu egin nahi dielako. Elkarrekin banku horretan lapurreta sail bat egitea pentsatuko dute. Azkena egitera doazenean, Marcusi aurre egin beharko diote: Texasko Rangerra da Marcus. Erretreta hartzeko zorian da, baina badakizki lapurren trikimailu guztiak. 

Saio guztiak 22:00etan hasiko dira Aita Mari zinean. Sarrerak 5 euro balio du.