Maria Zubimendi: "Guztiaren gainetik musikaria naiz, eta musika mota, garai eta estilo guztiak ditut gogoko"

Baleike 2017ko mar. 29a, 20:16

Maria Zubimendi akordeoilari zumaiarra kide duen Zukan hirukoteak kontzertua emango du igandean Alondegiko Oxford aretoan (12:30ean). Zubimendi Suizan ari da musika ikasketak egiten eta posta elektroniko bidez jarri gara harekin harremanetan. 

Suizan ari zara ikasten. Zer moduz doa esperientzia?

Esperientzia aberasgarria da bai profesionalki, bai eta pertsonalki ere. Musika garaikidearen inguruan Master bat egiten ari naiz Basilean; Europa mailan alor honetan zentratutako master bakarrenetakoa da, Graz-ekoarekin (Austria) batera. Aukera bikaina da gaur egungo musikan mugitzen diren interprete, konpositore eta pertsonalitate anitzak ezagutu ahal izateko, bai eta nire interes beretsuak dituzten instrumentu desberdinetako ikasleekin elkarlanean aritzeko ere. Honek etorkizunera begira proiektu eta kolaborazio berriak erraztu ditzake. Pertsonalki, berriz, esperientzia gogorra da hiri berri bati, hizkuntza berri bati, eta, batez ere, gizarte berri bati bakarrik aurre egitea. Hori bai, nire burua inoiz baino hobeto ezagutzen ari naiz eta honek pertsona bezala pauso bat haratago ematera bultzatzen nau. Askoz ere gehiago apreziatzen ditut lehen hainbeste baloratzen ez nituen gauzak.  

Talde bateko kide zara, Zukan Hirukoteak. Kontaiguzu, pixka bat, nolako taldea den.

Zukan Hirukotea Gorka Catedianok (perkusioa), Jon Ansorenak (txistua) eta ni neuk (akordeoia) osatzen dugu. Hirurak Musikenen - Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian ikasten ari ginela sortu genuen talde hau 2014an. Proiektu bat antolatzeko deialdia iritsi zitzaigun Musikeneko zuzendaritzatik, eta formazio honentzako obrarik apenas zegoenez, gure arteko bikote konbinaketa desberdinez osatutako kontzertu bat proposatu genuen. Lan prozesu honetan konturatu ginen talde gisa ikaragarri ondo moldatzen ginela eta horrelaxe hartu genuen Zuan Hirukotearekin jarraitzeko erabakia. Gaur egun, konpositore desberdinekin elkarlanean, musika berria produzitu eta publikoari aurkeztea da gure helburuetako bat. Egungo musikarekiko dugun konpromezuaz gain, gainerako disziplinetan ere interes handia dugu, eta hori dela eta, proiektu zabalagoetan lanean ari gara. Datorren udazkenean dantza, bideoa eta musikaz osatutako ikuskizun bat aurkeztuko dugu, eta lehen funtzioa Zumaian izango da gainera.

Txistua, perkusioa eta akordeoiak osatzen dute taldea. Bi instrumentu tradizional xamarrak bezala ikus daitezke, baina, hala ere, musika garaikidea jotzen duzue. 

Momentu honetan Zukan soinu laborategi bat bihurtu dugu Jon, Gorka eta nik. Gure instrumentuek lengoaia garaikidearen barruan izan duten garapen indibiduala elkartu eta formazio honek eskaintzen dizkigun aukera berriak aztertzen ari gara pixkanaka. Gurekin lanean ari diren konpositoreentzat ere esperientzia polita da inoiz idatzi ez duten konbinaketa batentzat konposatzea eta, horregatik, elkarren artean oso desberdinak diren obrek osatzen dute gure errepertorioa. Txistua, perkusioa eta akordeoia oso desberdinak dira beren artean, baina elkarrekin bikain funtzionatzen dute. Indar eta originaltasun handiko talde bat osatzen dugula uste dut. Bestalde, zuk ondo esan duzun bezala, taldea osatzen duten hiru instrumentuek dute musika tradizionalaren barruan ikaragarrizko indarra eta talde gisa gustatuko litzaiguke aspektu hori ere jorratzea. 

Ondo jakingo duzu batzuei musika garaikideak beldurra ematen diela. Musika honetatik zerk erakartzen zaitu?

Musika klasikoaren barruan oso gaztea den eta oraindik garapen prozesuan dagoen instrumentua da akordeoia. Beraz, interprete gisa oso interesgarria da instrumentuak eskaintzen dituen aukera berriak deskubritzen joatea, eta artista gisa ikerketa bat egiteko aukera izatea. Musika garaikidearekin etengabe ari zara ikasten, konpositore bakoitzak, eta beraz, obra bakoitzak aspektu berriak lantzera bultzatzen baitzaitu eta hori ez da inoiz amaitzen. Hala ere, musikari gisa garai eta estilo guztiak jotzea oso garrantzitsua da, eta hori ahazten ez dudan zerbait da. Guztiaren gainetik musikaria naiz, eta musika mota, garai eta estilo guztiak ditut gogoko. Zenbat eta esperientzia desberdin gehiago izan orduan eta konpletuagoa naiz artista gisa, eta gustorago sentitzen naiz nire lanarekin. 

Galdera hau aprobetxatzen dut, bide batez, jendeari erreflexu bat egitera bultzatzeko. Oso ondo definitu duzu jendeak musika garaikideari buruz izan ohi duen sentimendua: "beldurra". Beldurra ezezaguna denari, beldurra berria denari, beldurra esperimentala denari. Musika klasikoko, folk musikako, rock musikako... kontzertu bat ikustera goazenean kantuak ezagutzen ditugu edo noizbait entzunda izaten ditugu. Horrek musikariengandik eta musikarengandik gertuago sentiarazten gaitu, eta, beraz, kontzertu horrekin disfrutatzea errazten du. Musika garaikideko kontzertu bat ikustera goazenean, aldiz, ezagutzen ez dugun zerbait entzutera goaz, musika garaikidera dedikatzen garenok ere seguraski ezagutuko ez dugun obraren bat. Zer egin horren aurrean? Aurrez ezer espero gabe edo ezer pentsatu gabe joatea onena, inolako prejuiziorik gabe. Aretoan eseri eta entzuteaz disfrutatu. Gustatuko zaigu ala ez, ulertuko dugu ala ez. Ezer ez da ona edo txarra. Artea subjektiboa da, artistok kontziente izan behar dugu eta publikoaren iritzia errespetatu. Baina inoiz ezingo dugu "beldur" hori gure azaletik kentzen ez badugu. Orain bai, hori guztion lana da, entzulearena baina bai eta musikariena ere. Denen artean lor dezakegun zerbait soilik da. 

Zenbait kontzertu dituzue programatuta. Hauetako bat, igande honetan, Zumaian bertan.

Apirilak 2, igandean, Zumaian hasiko gara. Oraingo honetan mota askotako kontzertuak eskainiko ditugu. Zumaiako kontzertuan egingo duguna berria da guretzat. Lehen zatia betidanik jotzen dugun obra bat izango da, J. Astiazaran konpositoreak idatzi zigun obra bat, hain zuzen ere. Baina kontzertuan protagonista saharar musikaren inguruan egin ditugun pare bat moldaketa izango dira. 

Apirilak 4, 5 eta 6an goizetan Iruñeako eskoletan izango gara proiektu pedagogiko batekin: umeentzako idatzitako ipuin bat da, txotxongiloen bitartez antzeztua, eta U. Iraizoz konpositoreak idatzitako musikaz lagunduta. Aurkezpena ondo badoa proiektua eskola gehiagotara mugitzea da helburua, umeen sentsibilizazio musikala bultzatzeko helburuarekin. 

Apirilak 5 arratsaldean Donostiako Tabakaleran eta Apirilak 6 arratsaldean Zaragozako Kontserbatorioko Aretoan Soinuzko begiradak proiektuaren kontzertuak izango dira. Gaur egungo lau konpositoreren obrak joko ditugu. Kontzertu hauetan obrak interpretatzeaz gain, hauei buruzko azalpen labur bat egin ohi dugu, entzulea musika garaikidera gerturatzeko asmoz. 

Igandekoa Darahliko 10. Urteurreneko egitarauan sartzen da. Saharako musika zuen terrenora eraman duzue. 

Bai, hori da. Darahliren 10. urteurrena ospatzen dugula eta, ekitaldi honetarako zerbait berezia nahi genuen. Beraz, saharar musikaren grabazio batzuk lortu nituen nire ahizparen bitartez eta bertatik egin ditugu egokitzapenak. Musika etnikoan izango dugun lehen esperientzia da baina asko gustatzen zaigu eta ilusioz gaude. 

Etorkizunera begira, bestela, zer asmo dituzu?

Interpretazioaren eta irakaskuntzaren arteko oreka bat lortzea gustatuko litzaidake. Interpretazioa oso garrantzitsua da nire bizitzan, musika oso gogoko dudalako, baina irakaskuntzak eskaintzen dituen abantailak ez ditut alde batera utzi nahi. Hala ere, uste dut pixkanaka bizitza bera erakusten ari zaidala hartu behar dudan bideaz, instintuei kasu egitea gustatzen zait eta oraingoz funtzionatzen dit. Horrela jarraitzeko asmoa daukat eta gainontzekoa ikusiko da. Zoriontsu naizen bitartean gustura egongo naiz.

Erlazionatuak

Zukan hirukotea

Baleike 2017 mar 29 Zumaia