Jacob de Haan holandarraren obretan oinarritutako kontzertua emango du Bandak larunbatean

Baleike 2017ko mar. 29a, 16:58

Zumaiako Udal Musika Bandak udaberriko kontzertua emango du larunbat honetan, 19:30etatik aurrera, Alondegiko Oxford aretoan. Berrikuntza bezala, konposatzaile bati zuzendutako kontzertua izango da hau eta Joxe Mari Azkuek zuzentzen duen taldeak Jacob de Haan holandarraren obrak joko ditu.

Azkueren esanetan, De Haan bandentzako musika egiten duten hiru konposatzaile onentsuenen artean dago. "Bere konposatzeko erak zer ikusi handia du pelikuletako musikarekin. Ideia bat eta hori musikan islatzen saiatzen da. Obra barruan aldaketak dituen lanak ere badira".

Konpositore honen bost obraz osatuko da larunbateko kontzertua. "Ammerlan Herbeheretako eskualde batean oinarritzen da. Joko dugun Oregon obran badirudi une batean indiarrak etorriko direla eta une batean tren bat ere agertzen da. Gero, joko dugun azken piezak, Ross Roy-ek Eskoziako Highlandsetara eramaten zaitu eta uste duzu une batean William Wallace etorriko zaizula gainera. Gudako motibo batekin hasten da, gero maitasun pasarte batekin jarraitzen du eta amaieran berriro epikora itzultzen da". Entzuleentzako oso kontzertu erakargarria izango dela dio Azkuek.

Konposatzaile jakin batzuei zuzendutako kontzertu monografikoak emateko borondatea erakutsi du zuzendariak. "Urtean bat, behintzat. Aurten, gainera, bi izango dira, Xixili Eguneko kontzertua John Williamsek pelikuletarako egindako musikekin osatuko baitugu". Steven Spielberg zinegilearen ia pelikula guztietako musikaren egilea da Williams eta mundu horretako izen handienetakoa.

Urte honetarako dituzten beste erronka edo emanaldi batzuek Maiatza Dantzan ekimenean Astindu Dantza Taldearekin egingo duten ikuskizuna eta udaran Flamenko Etxea izeneko kontzertuak izango dira. Horiez gain, San Telmo eta San Pedro jaietako kontzertuak eta, Gabonetan, elkartasunekoa daude.

Erlazionatuak