Auzitegi Gorenak Urolaren itsasadarreko plana bertan behera utzi du

Baleike 2017ko mar. 22a, 12:04

Auzitegi Gorenearen administrazioarekiko auzietarako II. salak bertan behera utzi du Urola ibaia babesteko plan berezia, EFE agentziak jakitera eman duenez. Ekimenaren "bideragarritasun ekonomiko" ezaz baliatu da Auzitegia erabaki hau hartzeko. 

Antonio Mateosek eta Promotora Vascongada S.A.-k aurkeztu zuten helegitea Auzitegi Gorenean behin Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia plana onartu zuenean. Orain, Gorenak aintzat hartu du errekurtsoa eta bertan behera utzi du EAEko auzitegiaren erabakia.

Ekimenak bideragarritasun ekonomikorik ez duela argudiatu du Gorenak neurri hau hartzeko. EFE agentziak emandako informazioaren arabera, desjabetzak egiteko 1,6 milioi euro beharko lirateke eta planaren aurreikuspenetan 104.666 euro jasotzen dira. Lursailak berreskuratzeko, berriz, 2,9 milioi euro beharko liratekela dio Auzitegiak eta aurreikuspenetan 27.000 euro jasotzen direla. 

Zumaiako Udalak eta plan honek eragina duten beste udalek ez dute oraindik sententzia jaso. Behin aztertzen dutenean egingo dute balorazioa.