Podiumean segitzen du Viveros San Antonek

Baleike 2017ko mar. 16a, 12:45

Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko gaztetxoek lasterketak izan dituzte Hernanin eta Zarautzen. Asteburuak emandakoaren kronika idatzi du Arritxu Iribarrek.

Asteburu oparoa izan zuten Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko gaztetxoek aurrekoa. Alebinek eta Infantilek Hernanin izan zuten euren lasterketa. Hondarribikoarekin konparatuz ibilbide gogorragoa izan zuten. Hala ere, oso erantzun ona eman zuten, batez ere Anuk Gogenolak, Garazi Bergarak eta Maddi Etxabek. Zirkuitua kontutan hartuta, alebin eta infantil guztien lana txalogarria izan zen.

Alebin mailan Anuk Gogenolak  zortzigarren bukatu zuen lasterketa. Denboraldi hasiera izan arren, arlo guztietan defenda daitekeen txirrindularia dela erakutsi zuen. Garazi Bergarak izugarrizko maila ematen segitzen du: bederatzigarrena izan zen lasterketan, nesken artean aurrena. Yuri Urbietak, Lizar Tolosak eta Andde Etxanizek ere lanak behar den bezala osatu zituzten.

Infantiletan, Maddi Etxabek nesken artean bigarren sailkatzea lortu zuen, lasterketan asko borrokatuta eta zuen guztia emanda. Kimetz Etxabe, Heiko Mateos eta Aritz Eizagirre ere beraien eginbeharra beteta pozik ziren bukaeran nahiz eta emaitza nahi bezalakoa izan ez. Hori bai, ginkanan Kimetz Etxabek bere trebezia erakutsi eta irabaztea lortu zuen.

Aitor Agirre ez zen Hernanin izan, baina bai Errenterian, igandean, mendiko bizikleten lasterketan. Oso oso ondo moldatu zen egoerara eta garaipen polita lortu zuen.

Alebinek eta Infantilek Zarautzen dute errepideko hurrengo lasterketa larunbat arratsaldean.

Kadeteak ez hain ondo

Kadeteek Zarautzen lehiatu zuten eta Viveros San Antongo bi ordezkarientzat, Mikel Manzisidorrentzat eta Antton Tolosarentzat, ez zen lasterketa ona izan: ez zuen bietako inork amaitu. Aho zapore txar hori igande arratsaldean goxatu nahi dute Azpeitian lasterketa ona eginez. Emaitzei baino gehiago erreparatu behar zaio karreran izandako jarrerari eta horretan ez dute hutsegingo.