Aste Santutik azarora arte egunero izango dira Geoparkeko irteerak

Baleike 2017ko mar. 14a, 17:37

Naturarekin lotutako turismoa modan dagoela agerian utzi du iaz Euskal Kostaldeko Unescoren Munduko Geoparkeak izandago hazkundeak. Zenbakiak zorabiatzeko modukoak izan daitezke: erakunde hau osatzen duten hiru udalerrietako turismo bulegoetatik pasatako bisitari kopurua % 50 batean igo da; Geoparkeak antolatutako irteera gidatuetan parte hartu duten lagunen kopurua, berriz, % 44an. Ekoturismo edo naturarekin lotutako turismoaren erreferente bihurtu da Geoparkea 2010. urtean sortu zenetik. 

Hilabete honetan bertan hasi da Debako, Mutrikuko eta Zumaiako udalerriek osatzen duten erakundearen irteera gidatuen denboraldi berria. Honen aurkezpena egin dute gaur Donostian, Boulevardean dagoen Explore San Sebastian Region izeneko bulegoan. Denis Itxasok, Gipuzkoko Foru Aldundiko kultura, kirol eta turismo diputatuak, harrera egin die hiru herrietako alkateei eta Geoparkeko kideei, eta eskerrak eman die aurkezpena egiteko bulego hau aukeratzeagatik. Gogoratu du Gipuzkoara heltzen diren bisitari gehienak Donostiara heltzen direla, baina, ondoren, kostaldera eta barrualdera joaten direla, “puntu interesgarriak daudelako”.

Zentzu horretan, Geoparkearen garrantzia goraipatu du Itxasok. “Albaola eta Balenciaga museoarekin batera, Geoparkeak garrantzia handia izan du Gipuzkoako turismoaren berpiztean. Lana ongi egin da eta ondo definitutako produktu bat osatu duzue, gustatzen dena, gainera”.

Geoparkearen funtzioa “interpretazioa” dela adierazi du Leire Barriusok, Euskal Kostaldeko Geoparkeko arduradunak. Irteera gidatuen bidez “etortzen diren bisitariek zerbait ikastea eta ulertzea” nahi dutela eman du jakitera.

Zazpi urte dira irteera hauek antolatzen hasi zirela eta aurten inoiz baino gehiago eskainiko dira. “2017 honetan ia 1.200 bisita programatuko ditugu, martxoan hasi eta urte bukaerara arte. Aste Santutik azaroko zubira arte egunero izango ditugu irteerak. Lehen asteburutako kontuak izaten ziren, baina, ikusi dugu orain jendea astegunetan ere mugitzen dela”.

Iaz, 22.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten Geoparkeak eskainitako irteera gidatuetan, aurreko urtearekin alderatuta, % 44 gehiago. Bestalde, Geoparkea euren kontura bisitatu zuten bidaiariak ere izan ziren. Debako, Mutrikuko eta Zumaiako turismo bulegoek jasotako datuen arabera, 75.000 lagun baino gehiago inguratu ziren 2016. urtean eremu honetara.

Bisitari hauen jatorriari buruz galdetuta, gehienbat estatukoak direla esan du eta, ondoren, Euskal Herri bertakoak. “Ikusten ari gara atzerritarren kopurua ere gorantz doala. Frantsesezko eta ingelesezko audiogidak ditugu taldekako irteeretan eta aurten alemaniarra ere sartuko dugu. Etorkizunean bakarkakoei ere audiogidak eskaintzeko helburua dugu”. 

Hiru esperientzia berri

15 dira bisitariei eskainiko zaizkien esperientziak. Flyscharen ibilbidea da hauetatik esanguratsuena, baina, 2017. urte honetatik aurrera berriak ere izango dira. Horien artean dago Flyscha, begirada batean izenekoa: Itsasontzi-ibilaldia izango da hau eta labarrak uretatik ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Aurten estreinatuko diren beste bi esperientzia Debako Santa Maria eliza ezagutzera emateko sortutako Gotikoaren altxorra, Deban eta Mutriku marinela izenekoak dira. Azken honek Mutrikuko hirigune historikoa deskubritzea du helburu. 

Kantitatea, baina, baita ere kalitatea. Itxasok eta Barriusok nabarmendu dutenez, bisita gidatu hauetan parte hartu dutenek asebetetze maila altua erakutsi dute. “Irteera hauetan parte hartzen dutenei inkesta bat betetzea eskatzen zaie eta 10etik 8,5eko balorazioa eman digute. Erreserbak on line egiteko aukera izatea eta gidarien atentzioa dira, besteak beste, gehien txalotu dutena”, aipatu du Geoparkeko arduradunak.

Internet bidezko erreserbek etengabe egin dute gora azken urteotan. Iazko erreserba guztien % 60a www.geoparkea.com webgunearen bidez egin zen. “Horrek webgunea etengabe zaintzera eramaten gaitu”.

Erlazionatuak