“Geologiak ez du mugaz ulertzen”

baleike 2017ko mar. 14a, 14:49

Gaur goizean Baionako Etxepare Lizeoko eta Zornotzako Lauaxeta Ikastolako Batxilergo lehenengo mailako ikasleak Zumaiako flysch-a ezagutzen ibili dira ‘Flysch & Go’ izeneko proiektuaren baitan. Geologiaren dibulgazioa egiteaz gain, euskal kostalde osoko geologia mapa sortzea da proiektuaren ardatza.

‘Flysch & Go’ proiektua atzo jarri zen martxan Hendaian iparraldeko eta hegoaldeko eskola banarekin. Guztira, 53 ikasle eta sei hezitzailerekin, gaur Zumaiara etorri dira hemengo flysch-a bertatik ezagutzera. Tartean, Asier Hilario Geoparkeko geologoa eta Alistair Brockbank Hendaian kokatuta dagoen Euskal Itsasbazterreko IEZI elkarteko koordinatzailea izan dira.

Akitania-Euskadi euroeskualdearen baitan sortutako eta hauek finantziatutako ekimena da ‘Flys & Go’ proiektua. “Geoparkearentzako proiektu txikia da, baina aukera polita izan da mugaz beste aldean oso gauza antzekoak egiten dituzten lan talde batekin kontaktuan jartzea” adierazi du Asierrek. “Geoparkearekin kontaktuan jarri eta iparraldeko eta hegoaldeko ikastolekin lanketa bat egiteko helburuarekin jaio zen proiektu hau. Geologiarekin zerikusia zuen zerbait egin nahi genuen, izan ere zientzia diziplina honek ez du mugarik. Eta bide batez, ikasleen arteko elkarkidetza eta bizikidetza sustatzea izan nahi dugu” jarraitu du Alistairrek.

Hendaian oso flysch antzekoa dute, eta baita oso labar antzekoak ere. Ingurumen hezkuntzari, erabilpen publikoari eta turismoari dagokionez erronka eta arazo antzekoak dituzte han eta hemen. Hori dela eta, proiektuaren helburua nibel ezberdinetan baten eta bestearen ideiak amankomunean jartzea izan da. “Koordinazio aldetik ezagutu nola funtzionatzen duten beraien eta gure estrukturek, eta egikaritza aldetik ikusi zer egiten duen batek eta besteak, zein material ditugun… hori guztia partekatu dugu” adierazi du Asierrek. 

Euskal Kostaldeko mapa geologikoa

Proiektu honen lehengo ekintza atzo Hendaian eta gaur Zumaian egin dutena izan da. Euskal Itsasbazterreko IEZI elkartearen zentroan izan ziren atzo. Bertan, geologiaren inguruan egin zuten lanketa. “Haitzen ezaugarriak ezagutzen ibili ginen, lurraren erosioaz hitz egin genuen, eta baita Pirinio mendikatearen sorreraz ere” aipatu du Alistairrek. Gaur aldiz, flysch-a ezagutzen ibili dira Algorri eta Itzurunetik zehar. “Nazioarte mailan oso garrantzitsua da” esan du Alistairrek.

Bi egun hauetarako unitate didaktiko bat sortu dute bi zentroen elkarlanarekin. “Beraiek eta guk genituen materialetatik biontzat balio duen unitatea didaktikoa sortu dugu. Bertan, informazioa, fitxak eta hainbat baliabide pedagogiko aurkitu daitezke. Horretaz gain, ikasleentzat ariketa fitxak daude” kontatu du Asierrek.

Baina proiektu honen ardatza Euskal Kostaldeko mapa geologikoa sortzea da. Mapa honek ez du erabilpen zientifikorik izango, publiko orokorrarentzat zuzendurikoa izango da. Batez ere Asier dabil lan honetan buru belarri, nahiz eta beste aditu batzuen laguntza izan duen.  “Ikuspegi geoturistiko batetik begiratuta dago. Oraindik azken bertsioa amaitu gabe badut ere, mapa horretan 15 interesgune egongo direla aurreratu dezaket. Kostalde osorako produktu bat sortzen ari gara, oso interesgarria eta aberasgarria. Izan ere gure helburua dibulgaziorako eragile garrantzitsu bihurtzea da, ez bakarrik hemen, baita hegoaldean osoan ere” nabarmendu du Asierrek.

Proiektua ekainean amaituko da publiko orokorrarentzako prestatuko duten bi jardunaldietan; bat Hendaian eta bestea Zumaian. Horretaz gain, bi egun hauetako unitate didaktikoa eta Euskal Kostaldeko mapa geologikoa aurkeztuko dute. “Proiektu hau garatzeko erarik naturalena euskal kostalde guztian zehar interesgune diren leku horien unitate didaktikoak egitea da. Proiektua zabaltzea eta euskal kostaldea unitate didaktikoen bidez lotzea, alegia” amaitu du Asierrek.