Martxoaren 8a ikastetxeetako goizeko jende-katearekin eta arratsaldeko elkarretaratzearekin ospatuko da

baleike 2017ko mar. 8a, 09:01
Orain bi urte Emakumeen Mundu Martxa Zumaiatik igaro zenean.

Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko eguna, bi ekitaldi nagusiekin ospatuko da herrian. Goizean, 11:30ean, Zumaiako ikastetxeekin jende-katea osatuko da, eta ondoren, Beheko plazan bukatuko da, bertsoekin eta adierazpena irakurriz. Arratsaldean berriz, 20:00etan, elkarretaratzea egingo da Saregileen plazan.

Goizeko 11:30ean, giza-kate erraldoi bat osatuko dute ikastetxeetako gazteek. LH 5. mailatik gorako neska-mutilak izango dira parte hartuko dutenak, gainerakoek bakoitza bere eskolan egingo dute. Giza-kate nagusia beraz, Txomin Agirre kaian hasi, Amaiako plaza zeharkatu, Erribera kalean sartu eta Bonifazio Etxegarai kalearen parean lotuko da handik Beheko plazara iristeko. Han, bertsoekin eta adierazpena irakurriz amaituko da ekitaldia. 

Arratsaldean berriz, 20:00etan, Berdintasun Foroak antolatutako elkarretaratzea egingo da, Saregileen plazan (Alondegia aurrean). Elkarretaratzearen bidez, Emakumeen Nazioarteko egunarekin bat etorri eta atzo herrian gertaturiko genero-indarkeria salatuko da.