Ikasbidaia beraien lanarekin ordaindu nahi dutelako

Baleike 2017ko mar. 7a, 15:02

Zumaiako Herri Eskolan DBH 4 ikasten ari den gazte taldea Saloura joango da ikasturte amaierako bidaian. Ekainean, kurtsoa amaitu eta berehala joango dira Tarragonako hirira, bost egun pasatzera. Ikasle gehienek egiten dituzte antzerako bidaiak. Kasu honek badu bitxikeria: bidaia gastuak estaltzeko zenbait proiektu jarri dituzte martxan. 

WhatsAppeko mezu baten bidez izan dugu honen berri. Bizikletako matxurak konpontzeko zerbitzua eskaintzen zuten mezu horretan Antton Tolosa eta Unai Sasiain gazteek. Mezuen bidez jarri gara beraiekin harremanetan. Beste bi lagunekin, Eneritz Arakistain eta Oier Romatetekin, etorri dira eskolan bertan jarritako hitzordura.

Adin tarte honetan normala izaten da gastu hauek gurasoek emandako diruarekin ordaintzea. Aurten DBH 4 ikasten ari diren gazte hauek, baina, beste asmo batzuk zituzten. “Urte hasieratik genuen asmoa dirua gure kabuz lortzeko”, esan digu Unaiek. Erabakiak, noski, harrera ezin hobea izan zuen guraso eta irakasleen artean. “Gurasoek gustura hartu zuten”, dio Oierrek. “Horrela, gainera, ikusten dugu zenbat kostatzen den dirua lortzea”, gaineratu du Eneritzek.

Kurtsoan zehar zenbait proiektu jarri dituzte martxan: “Txokolatea saltzen egon gara, bigarren eskuko azokak egin ditugu eta tonbolak ere egin ditugu”, gogoratzen du Oierrek. Egitasmo hauek abian jartzeko unibertsitateko ikasle batzuen laguntza izan dutela diote. “Unibertsitateko bigarren urtea egiten ari dira eta enpresak sortzen ikasten ari dira. Gurekin elkartzea proposatu zieten, astean behin bilerak egiteko. Hala, konstantzia zer den ikasiko dugu”, azaldu du Anttonek.

Berandu hasi zirela diote lauek. “Hasieran pixka bat kostatu zitzaigun, baina azarorako lanean ginen”, dio Oierrek. “Abenduan taldeak egin genituen”, jarraitu du Eneritzek. “Hasieran bilerak egin ziren antolatzeko. Ideia asko aurkeztu ziren eta efektiboenak aukeratu ziren. Pausoak ematen ikasi dugu; LEINNekoek [unibertsitarioek] erakutsi digute zer egin behar den proiektuak aurrera eramateko”, nabarmendu du Unaik. “Proposatu zenuena egiten ez baduzu, beste bati lagundu behar diozu. Zerbait egin behar duzu. Emaitzek exigitzen dute”, amaitu du Anttonek.

Proiektu hauek aukeratzeko ere LEINNekoen laguntza izan dutela diote gazteek. “Ariketak batzuk egin genituen: zer gustatzen zaizu?, zertan zara ona?, zerk emango zintuen dirua? Gauza errealak izan behar zuten. Niri bizikleta gustatzen zitzaidan eta denak horretara bultzatzen ninduen”, dio Anttonek. Jakitun Basadi auzategian zegoen bizikleta dendak ateak itxiko zituela, zenbait lagunek bizikletak konpontzeko taldea sortu dute, sare sozialetan zabaldutako mezuan zioen bezala, “zumaiarrok bizikletak konpontzera herritik kanpora eramateko enbarazurik ez izateko helburuarekin”.

Udaberria gainean dugun honetan, arropak ere prestatu dituzte: Bizi bixi lema daramaten kamisetak eta txanodun jertseak. “Batzuk eskolan zabaldu ditugu eta orain gehiago eskatuko ditugu kalean salgai jartzeko. Sare sozialetan ari gara pixka bat zabaltzen”, dio Oierrek. “Zaila izan da izena aukeratzea. Ez genuen betiko izen bat nahi. Zumaiako herriarekin edo Zumaiako hizkerarekin harreman izatea nahi genuen. Azkenean Bizi bixi atera da”, informatu du Anttonek.

Etorkizunera begira badituzte asmo gehiago. Herriko dendariekin moda desfile bat antolatzeko asmoa erakutsi du Eneritzek; Herri Eskolako ikasle ohien bazkaria ere proposatu du Oierrek. “Udaberrirako gauzak baditugu”, amaitu du Eneritzek. 

DBH 4ko gazte hauekin harremanetan jartzeko ikasbidaiazumaia@gmail.com helbidera idatzi daiteke edo sare sozialetan dituzten kontuak bisitat: Ikas Bidaia Zumaia Facebooken eta ikas2017 Instagramen.