Galiziako Ortegal eskualdeko ordezkariak Geoparkea ezagutzera etorri dira

baleike 2017ko mar. 7a, 11:13
Galiziako ordezkaritza Leire Barriuso eta Zumaia, Mutriku eta Debako alkateekin Algorri Interpretazio zentroan.

Galiziarren helburua Geoparkeko funtzionamendua eta kudeaketa eredua ezagutzea da. Horretarako Leire Barriuso Geoparkeko arduradunaren eta Mutriku, Deba eta Zumaiako alkateen laguntza izan dute. Bisita gaur eguerdian amaituko dute Lasturren. 

Bi egunez, Galiziako Ortegal eskualdeko ordezkariak Geoparkea ezagutzera etorri dira. Bisita hau, azaroan beraien eskualdean antolatu zituzten jardunaldi baten ondorioa izan da. Leire Barriuso, Geoparkeko arduraduna, bertan izan zen eta hona etortzeko gonbidapena luzatu zien, “Geoparke honen funtzionamendua eta kudeaketa eredua gertutik ezagutzeko”.

Ortegal eskualdea Coruñan kokatuta dago, eta eskualde horretako zortzi udal (Cariño, Cedeira, Cerdido, Moeche, Ortigueira, San Sadurniño eta Valdoviño) Xeoparque do Cabo Ortegal geoparkea bultzatzeko lanean dabiltza. Hona etorri den Galiziako ordezkaritza hau 9 lagunez osatua dago, eta beraien interesa da batik bat hemengo gestio eredua ezagutzea. “Ez dakite nola antolatu, eta hori da beraien arazorik nagusiena. Geoparkeak, bere gestiorako, pertsona juridiko propio bat izatea eskatzen du. Gure kasuan, Geogarapen elkartea dugu, baina Aldundiak, mankomunitateak edo beste elkarte batzuk kudeatzen dituzten geoparkeak ere badaude” adierazi du Leirek. “Gure lana beraz, gure eredua azaltzea izan da” jarraitu du.

Hala, kudeaketa eredua erakusteaz gain, hemengo geoparkeak dituen errekurtsoak eta funtzionamendu era azaldu die: nola hasi ziren geoparkea sortzeko lanean, zazpi urte hauetan zertan ipini dituzten esfortzuak, plan estrategikoaren ardatzak… “Lehenengo urteetan guk deitzen dugun sukaldeko lanak egin genituen. Alegia, plan estrategikoa osatu, marketing eredua finkatu eta horrekin batera ingurumen hezkuntzako gaiak landu, georutak egin, seinaleak ipini, turismoari lotutako ekintzak antolatu…” adirazi du.

Lehen aipatu bezala, galiziarren arazo nagusiena antolaketan dago. Zortzi herri dira eta ezaugarri oso ezberdinak dituzte. Batzuk kostaldean daude, besteak barrualdean, batzuk handiak dira eta besteak txikiak. “Gure geoparkeak 90 km karratu ditu, eta 20.000 biztanle, beraien eremuak berriz, 900 km karratu eta 40.000 biztanle. Errealitate ezberdinak dira, gainera langabezia-tasa altua dute, herriak hustutzen ari dira, biztanleria zaharkitzen… Beraz, beraiek planteatzen dutena da: Nola konponduko gara elkarren artean hain ezberdinak izanda?” esan du Leirek. “Gainera eta itxura denez, Galizian oso barneratuta omen dago lokalismoa. Hau da, nire herria aurrena eta bestea edo aldamenekoa hor konpon. Tendentzia edo dinamika horrekin amaitu beharra dute, baina gutxienez lehenengo pausoa eman dute. Denak elkarrekin proiektu amankomun bat ateratzeko nahia azaldu dute eta guztiak etorri dira elkarlanera” jarraitu du Leirek.

Galiziarren lehenengo lana kudeaketa modeloa definitzea da. “Herriak beraien artean osagarriak izan behar dira, bakoitzak zerbait ezberdina aurkeztu eta ez konpetentzia izan. Estrategia erabaki behar da, eta horrekin batera herri bakoitzaren partaidetza zehaztu. Nik garbi esan nien: ez dago gestio eredu modelorik. Norberak egiten du berarentzat onena edo egokiena dena, eta horretarako bakoitzak bere errealitatera egokitu behar du”.

Atzo bertan hasi zuten bisita galiziarrekin. Deban egin zuten hitzordua, udaletxean. Harrera egin ondoren azalpen teorikoak eman zitzaizkien. “Batez ere geoparkea zer den esplikatu zitzaien, Europako Geoparkeen Sarea zer den eta gure Geoparkearen ezaugarriak eta berau osatzen duten herrien ezaugarriak azaldu genizkien” esan du. Jarraian, Elorriagara joan ziren, eta bertan biotopoaren inguruan hitz egin zuten batik bat. Arratsaldean Zumaiara etorri ziren. Algorri interpretazio zentroan izan ziren bertako instalazioak eta ingurumen hezkuntzan egiten dituzten lanak ezagutzen. Amaitzeko, San Telmo, Algorri eta Itzurun bisitatu zuten. “Kasu honetan, flysch-aren garrantziaz hitz egin genuen” kontatu du. Bisita gaur eguerdian amaituko dute Lasturren, bertako errota eta Karstaren interpretazio gunea ezagutzen. Aurretik Mutrikun izango dira Nautilus Ikasgune Geologikoa eta herria bisitatzen.