Artista baten ibilbidearen aztarnak

Baleike 2017ko mar. 6a, 15:03

Pasa den ostiralean zabaldu zen Nagore Etxaberen ‘Retr@spektiba’ deituriko erakusketa. Bere ibilbide profesionalean sorturiko lanen bilduma, atzera begirakoa, osatzen du Oxford aretoan kokatuta dagoen erakusketa honek. Martxoaren 19a arte izango da ikusgai, egunero, 18:00etatik 20:00etara.

‘Retr@spektiba’ honetan Etxaberen ibilbide profesionalean eginiko hainbat lan ikusi daitezke. Zehazki, Arte Ederrak ikasten hasi zenetik, 2008/2009 urte inguruan, gaur egun arte. "Nik zer eskaini dezakedan erakusketa honetan? Orain arte egindakoa. Egia esan ez dut ezer berririk egin erakusketa honetarako. Ea zerbait jarriko nuen proposatu zidaten eta etxean nituen lanetatik selekzio bat egin dut. Baina ona izan da antolaketarako izan dudan inprobisazio eta tentsio puntu hori" aipatu du.

'Retr@spektiba' izena jarri dio erakusketa honi bi arrazoirengatik. Alde batetik atzera begirakoa delako, hau da, retrospetiba bat, eta beste aldetik, lanen artean erretratu asko aurkitu dituelako. «Retro eta retra hitzekin hitz joko bat egin nahi nuen, eta horregatik jarri diot A bilduaren ikurra» esan du.

Bilduma anitza

"Gustatu zait atzera begirakoa egitea. Ohartu naiz hainbat lanetan patroi antzekoak erabili ditudala. Koloreen kasuan esaterako,  gorriak, beltzak... askotan errepikatu ditut, eta ez dakit, agian nire izaera identifikatzen dute. Beste lan batzuetan berriz kolore pila bat agertzen dira, Brasilen igaro nuen denboraldiaren isla» adierazi du.

Bilduma, anitza eta formatu ezberdinen bidez osatutakoa da. Hala nola, argazkiak, marrazki klasikoak eta ez hain klasikoak, grabatuak, litografiak, ikus-entzunezkoak (performanceak eta hibidroak), animazio abstraktuak, disko eta biniloetako azalak... "Ez dauka tematika finkorik, orduan erakusketa pixka bat ezberdina eta anitza iruditu daiteke. Gaur egun, eta hainbat alorretan, pertsona asko multi garela iruditzen zait. Aniztasun edo multidiziplinatasun hori erakusten da hemen" azpimarratu du.

Egun, batez ere, musika munduan murgilduta dabil bateria jotzen. Baina ikus-entzunezkoak egitea gustokoa du. Hain zuzen animazio abstraktua  lantzea atsegin du, eta bi urtetik behin nazioarte mailan egiten den 'Punto y Raya' festibalean parte hartzen saiatzen da. Iaz, Alemanian izan zen, eta bere laburmetrail bat sail ofizialerako sailkatua izan zen. "Artea zerbait zintzoa da, eta zintzoki lan egiten baduzu igarri egiten da. Horregatik benetan balio duena barru barrutik ateratzen zaizun ideia, kreazioa, sormena, edo dena delakoa da. Horixe da ona” amaitu du.