Triatloi denboraldi berria berrikuntza garrantzitsu batekin dator aurten

Zumaiako Triatloi Taldea 2017ko mar. 6a, 11:35

Euskadiko Triatloi Federazioak, aurten egun bakarreko lizentzia egiteko aukera kendu du. Ondorioz, Euskadi mailan triatloi batean parte hartu ahal izateko, nahi eta nahiez, triatloian federatua egon behar da.

Kirol hau probatu nahi duenak proba herrikoiak edo popularrak bezala ezagutzen direnetan bakarrik har dezakete parte. Gaur egun horrelako probak Zumaian eta Hondarribian bakarrik antolatzen dira eta distantzia Super Sprint-ean biak.

Zumaiako Triatloi Taldeak aldaketa honen berri eman nahi du berandu baino lehen, seguru gaudelako asko eta askori uda partean kirol hau probatzeko gogoa sartzen zaiola. Bestalde, kirol honetan aurreneko pausoak eman nahian edota dudatan dagoenari aurrera pausoa ematera animatu nahi dugu.

Hori dela eta, martxoan taldekide berrien kanpaina zabalduko da. Martxoan zabaldu eta itxi egingo da. ZTTek federatu fitxa egiteko erraztasunak jarriko ditu: administrazio lanez gain fitxaren kostua ZTTek ordainduko du, eta 23 urtetik beherakoentzako materiala edo arropa lortzeko laguntzak ere emango ditu.

Fitxa egiteko garaian NANaren fotokopia, NAN tamainako argazki bat eta medikuaren gaitasun ziurtagiria beharrezkoa dira. Azken hau tramitatzeko ere ZTTek baditu abantailak.

Martxoaren 10ean, ostirala, bilera bat antolatu da Lubaki kiroldegian 20:30ean, zalantzak argitu eta informazio gehiago eskuratu ahal izateko.

Beraz neska edo mutil, ez eman pausoa atzera, salto putzura!!

Informazio gehiago:zumaiako.triatloi.taldea@gmail.com