2017ko txirrindularitza denboraldia Zumaian hasiko da

Baleike 2017ko ots. 23a, 11:42

Zumaiako Txirrindulari Elkarteak antolatutako Zumaia Sariarekin hasiko da aurten ere Hego Euskal Herriko ziklismo denboraldia. Larunbatean, goizeko 10etan, hasiko da IX. Zumaia Saria. Bertan Elite eta 23 urtez azpiko txirrindulariak izango dira lasterketak dituen 112,5 kilometroei aurre egiteko.

Nortasun berezia duen karrera da Zumaiakoa; zoritxarrez, ez da ohikoa esprintean lasterketa amaitzea maila honetan, eta hanketan abiadura duten ziklisitek denboraldian zehar ez dituzte luzimendurako aukera asko izaten. Hau da bat eta txirrindulari afizionatu askorentzat hauxe da denboraldiko lasterketarik politena eta helburu nagusia.

Espainiako kopako lehen lasterketa ere asteburuan jokatuko denez, eta bertan zazpi euskal taldek parte hartuko dutenez, ez da 200 txirrindulariz osatutako pelotoirik izango Zumaian, baina 160tik gora txirrindulari izango dira seguru. Pelotoi horretan herriko seme den eta Ampon korritzen duen Aitor Olaziregi ez da izango, oraindik ere osasun arazoak menderatu nahian dabilelako; Gorka Etxabe eta Jon Agirre Zumaiako taldean hazi eta gaur egun Grupo Eulen taldean direnak bai; hauek parte hartuko dute lan on bat egiteko asmoarekin, pedal kolpe onarekin helduko dira. Gorka Etxabek profesionalekin estreinatu zuen denboraldia Mallorkako challengean eta pistan ere korritu du; Espainiako Kopan bigarren doa.

Aurten irteeran Zumaiako antolatzaileek omenaldi apala egingo diote azaroan trafiko istripuz hildako Josu Uzkudun ertzainari; lasterketetan antolatzaileak laguntzen eta ziklisten segurtasuna bermatzen trafikoa gidatuz ibiltzen zen Josu Uzkudun eta denboraldiaren hastapenean gogoan izango du ziklismoko familiak, bere lana eskertzeko.

Zumaia saria goizeko 10etan hasiko da eta amaiera 12.45ak aldera izango da; euskaldun torneoko lehen mailota banatuko duen lasterketa da Zumaia saria.

Gaztetxoak ere martxan

Zumaiako txirrindulari elkarteak lasterketak antolatzeaz gain, kirol hau sustatu ere egiten du, horrela, gaztetxoekin lana egin ere bai ziklismoa ezagutu dezaten. Kadeteak, infantilak eta alebinak baditu elkarteak eta hauek guztiek ere otsailaren 25ean hasiko dute denboraldia.

Viveros San Anton beste urtebetez babesle duela, Zumaiako Txirrindulari Elkarteko bi kadeteek, Antton Tolosak eta Mikel Manzisidorrek, Donostiako Ibaeta auzoan hasiko dute denboraldia larunbat arratsaldean. Egun berean, baina Oiartzunen, mendi bizikletako lasterketa izango dute infantilek eta alebinek. Infantiletan, aurten, Maddi Etxabe, Aitor Agirre, Heiko Mateos, Roman Zabaleta, Kimetz Etxabe eta Aritz Eizagirre izango dira Viveros San Antonen koloreak defendatuko dituztenak; alebinak, berriz, Garazi Bergara, Andde Etxaniz, Mattin Salegi, Anuk Gogenola, Lizar Tolosa eta Yuri Urbieta.

Larunbatean estreinatuko da Zumaiako Txirrindulkaritza Elkarteak ilusioz beteta, ametsak egia bihurtzen hasteko lehen urratsa emango duen denboraldia.