Guztion artean konponbide bila

Baleike 2017ko ots. 22a, 12:06

Eskola Agenda 21aren barruan, ikastetxeetako haurrek herrian dauden arazoak identifikatu eta hauek konpontzeko irtenbideak aztertzen ari dira. Hausnarketak Udaleko ordezkariekin partekatzen dituzte.

Eskola Agenda 21, 2005-2006 ikasturtean jarri zen martxan Zumaiako ikastetxeetan. Garapen iraunkorra bultzatzeko helburua duen heziketa programa da, eta arlo ezberdinetan eragiten du; ikastetxeetan zein ikastetxeetatik kanpo.

Ikasturte bakoitzean gai ezberdin bat hartzen dute lanketa egiteko. Aurtengoa ‘Ekitatea eta Klima aldaketa’ da, eta urtarriletik martxora bitartean ari dira lanketa saioak egiten. “Momentu honetan herriko diagnostikoa garatzen ari dira eta ondorioak martxoaren amaieran jasoko ditugu. Apirilean bilera bat egingo dugu lehentasunak finkatzeko eta alkateari luzatu beharreko proposamenak aukeratzeko. Maiatzean, berriz, proposamenak aurkeztuko dira ez ohiko udalbatzarrean” adierazi du Nerea Ibañez programako dinamizatzaileak.

Eskola Agenda 21 programak UNESCOren onarpena du, eta 2104an Japonian ospatu zen UNESCOren Garapen Jasangarrirako Hezkuntzarako konferentzian azken hamarkadako 25 praktika onenen artean azaltzera gonbidatua izan zen. Programaren asmoa, ingurumen gaiak baino, garapen iraunkorrarekin lotuta dauden gaiak aztertzea da. “Izan ere, garapen iraunkorrak ingurumena, gizartea eta ekonomia uztartzen ditu” azaldu du. Programa honen bidez, helburua garapen iraunkorraren aldeko jarrerak sustatzea da. Ikasleek herria beste ikuspuntu batetik aztertzen dute.

 

Iazkoaren jarraipena

Momentu honetan ikasturte honetako gaia den ‘Ekitatea eta Klima aldaketa’ lantzen ari badira ere, iazko proposamenen jarraipena ere egiten ari dira. Aurreko ikasturtean ‘Ekitatea’ landu zuten, gizarte mailan dauden desorekak hausnartuz eta biztanle guztiek aukera berdinak eduki ahal izateko eskaini behar zaizkien baliabideak aztertuz. Guztira, zortzi proposamen aurkeztu zituzten, eta ikasleak hauen exekuzio egoera zein den aztertzeko Udalarekin bildu dira. Proposamenen artean haurrentzako parke egokituak jartzea, Oikiara doan garraio publiko sistema hobetzea eta euskara erakusteko klaseak antolatzea dira, besteak beste. Ildo honetatik, alkateak ezinduentzat eta adinduentzako parkeak bideratzen ari direla aipatu du. Gainera, Mariantoneko parkea estaliko dutela aurreratu du.

Aldiz, garraio publikoaren eskumena Aldundiak du, baina arazo honi irtenbidea bilatzeko beraiekin lanean ari direla ere esan du alkateak. Euskara ikasteko klaseei dagokionez, Euskara Sailak kanpaina bat martxan jartzeko asmoa du. “Euskararen ezaguera %80a dela ikusi dugu. Beraz, euskara klaseak eskaintzea beharrezkoa da. Nahiz eta jakin nahikoa ez direla gure hizkuntza ikasteko, oinarrizko ezagutza lortzeko beharrezkoak dira”.

Eskola Agenda 21eko arduradunentzat gai hauek lantzea garrantzizkoa da. “Ikusten dugu ingurumenaren aldeko sentsibilizazioa areagotuz doala belaunaldi batetik bestera. Gazteek ideia bikainak dituzte. Beraz gure helburua proposamenak entzuteaz gain, bat edo beste kontuan hartu eta ikasleekin elkarlanean aurrera eramatea da”.