"Baserriko lana familia lan bat da"

Baleike 2017ko ots. 20a, 12:54

Urkomek, Urola Kostako landa eremuaren garapenaren aldeko elkarteak, 30 urte bete ditu eta bertako lehendakaria da Ana Mari Eizagirre. Bihar Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean urtemugaren ekitaldia egingo da, 12:00etan. Hala, elkartearen lanaz eta lehen sektorearen egoeraz mintzatu gara Ana Marirekin.

Zer da Urkome?

Urkomeren helburua nekazaritza jarduera sustatzea, landa eremuko jarduera ekonomikoari bultzada ematea, bertako azpiegiturak eta zerbitzuak bermatzea eta dugun biodibertsitateari balio ematea dira.

Zeintzuk osatzen duzue elkartea?

Eskualdeko 11 udaletxek eta  hainbat nekazaritzako elkarteek osatzen dugu. Zuzendaritza Batzordean aldiz, Biolur eta Hitzez Elkarteak; EHNE eta ENBA sindikatuak, Lurgintza eta Urkaiko kooperatibak; eta Aiako, Azkoitiko, Azpeitiko, Orioko eta Zarauzko Udalak daude.

Urkomek 30 urte bete ditu. Zein ondorioetara iritsi zarete?

Azken 30-35 urteetan asko aldatu da nekazaritza mundua orokorrean. Elkartea sortzearen arrazoietako bat lehen sektorean lan egiten genuenok elkartzeko beharra izan zen. Zertarako elkartu? Salmentetako, erosketetarako... Honen ondoren, Urkome bailara mailan hasi zen lanean. Garai haietan hainbat hobekuntzei eman zitzaien lehentasuna. Hala nola telefonoak izatea, argi indarra ezartzea baserrietan...

Gaur egun ordea beste lehentasun batzuk ditugu. Azken aldian gazteen sarbideari ari gara bultzada ematen. Gazteak behar dira lehen sektorean lanean, bai baserriari lotuta edo teknologiekin lanean. Txakolinari ere izugarrizko bultzada eman zaio adibidez azken urteetan.

Gazte asko hurbiltzen dira?

Bai, bai. Gazte pila bat dago lanik gabe, eta ondorioz lehen sektorean irtenbide bat aurkitzen dute. Soluzio hau ez dute soilik  baserriko seme-alabek hartzen. Kaletar asko baserri abandonatuetara edo senitarteko baten baserrira joaten dira eta proiektu  ezberdinak garatzen dituzte.

Belaunaldi falta dago?

Bai, eta arlo konkretuetan askoz ere gehiago. Esnearen produkzioa adibidez goitik behera doa eta oso azkar gainera. Gaur egun esne produkzioa ez duten herriak daude. Zumaian bertan ekoizpen gutxi dago. Orain dela 15 egun ekoizpen etxe batek ateak itxi zituen. Bene benetan aktibitate honetatik bizi direnak Zumaian lau daude. Oikian bi daudela usten dut, eta Zumaian beste bi.

Zein ideiak garatu ditu Urkomek?

Urkomeren lehendabizikoetako lana Beizama dinamizatzea izan zen. Taberna itxita zegoen eta eliza ere igandetan bakarrik irekitzen zuten mezetarako.  Beizama hustutzera iritsi zen ia. Orduan Urkomek hango taberna ireki zuen familia bati emanaz. Hauek ez dute errentarik ordaintzen lana egitearen truke, eta herriari bizia ematen dio.

Nola laguntzen du Urkomek ideia bat garatzen?

Ideia edo proiektua duen pertsonak gure bulegoetara joan behar du eta bertan zein pauso eman behar diren aholkatuko diote. Gero bideragarritasun azterketa bat egin beharko da.  Hau da, non kokatu proiektua, zein bezero mota izango den aztertu, nola erakarri bezero hauek... Hau dena lantzen da.

Landa eremuan asko hazi da turismoa.

Urkomen nagoenetik protestarik handiena turismoaren alorrean egin dut. Kostaldea bi egunetan betetzen da goi denboraldian, zubietan eta abarretan. Baina era berean Azkoitian edo Bergaran nekazal etxe bat hutsik egon daiteke. Koordinazio falta dago, eta ni ez nago batere ados horrekin. Koordinaketa bat egon behar du. Zumaia betetzen denean gure barnealdeko herriak bete behar ditugu. Nora bidali behar ditugu ba turistak, Burgosera? Iazko udaran hasi ginen lanketa egiten zentzu honetan, eta aurtengo sasoirako hobekuntzak prestatzen ari gara.

Turismoko aktibitatea baina, baserritik kendu egin dute.

Lehen, baserriko lanen osagarri moduan hartzen ziren nekazal edo landa etxeak, turismoa sustatzen zituzten ekintzak, alegia. Baina orain aparteko aktibitate bat bezala hartzen dira. Zer esanahi du horrek? Diru laguntza gutxiago jasotzen ditugula. Aldiz, txakolina etxean produzitzea, edo gazta etxean egitea osagarri moduan hartzen dira.

Zein da emakumearen presentzia elkartean eta lehen sektorean?

Elkartean hiru emakume geunden, eta orain bi gaude. Bat hil egin zen. Nire ustez gutxiegi gaude, emakumeok beste ikuspegi bat dugula uste dut, beste sentsibilitate bat.

Eta baserriari dagokionez, nire ustez, emakumerik ez dagoen baserri batek urte gutxiko bizia du. Errazagoa da baserria emakume batek eramatea gizonezko batek baino. Gizona bakarrik baldin badago baserrian, eta hemen baditugu adibideak auzoan, derrigor, geroago edo lehenago ,emakume batek etorri beharko du garbiketak eta abar egitera.

Baserri bat aurrera ateratzea, eta nire gurasoengatik eta lehenagoko jendearengatik ere ikasi dut, pertsona bakar batek ezin du egin. Baserriko lana familia lan bat da. Gizonak etxean lan egiten badu, andrea ere inguruan izango du bueltan. Asteburua iritsiko da eta senideak etorriko dira eskua botatzera. Ez da pertsona baten lana beraz, eta gainera bizitzeko modua ere bada.

Elkartetik, zein zailtasunekin topatu zarete?

Diputazioak proiektuak Gipuzkoa mailakoak  izatea nahi du.  Hau da, probintzia ikuspegia izatea. Lehen proiektuak bailaratik irteten ziren eta bertan garatzen ziren. Horrela jarraipen bat egiteko aukera zegoen. Orain nahiko zentralizatua dute gaia. Erakundeak oso inportanteak dira bai alderdi onerako eta baita txarrerako ere. Baina hauen partez ez badago laguntzarik, horrelako elkarteak eta proiektuak ez ziren martxan izango.