GUTUNA: Santiagoko dunako pinuen harira

Jon Zulaika. Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikaria 2017ko ots. 20a, 11:53

Pasa den azaroan, komunikabide honexen bitartez, Santiagoko dunan aurtengo neguan bertan burutu asmo ditugun ekintzen berri eman genuen. Geroztik, eta eskatutako argibideak eskaini ditugun arren, komunikabideetatik at egon da gaia, pasa den astean Aitor Leiza Ingurumen zinegotzi ohiaren gutuna Baleiken argitaratu den arte.

Idatzi horri erantsi diezazkiokegun xehetasun, zuzenketa, azalpen edo ukapenak ugariak dira: Urolako Plan Bereziaren Planaren izapide eta partaidetza prozesuaz, administrazio desberdinen arteko koordinazio eta eskumen konkurrentziaz, planifikazio dokumentu bakoitzaren interpretazioa eta plangintza desberdinen arteko integrazioaz… baina horrek Zumaiko herritarren pertzepzioan alferrikako nahasmen gurpil zoro bat sortuko lukeelakoan nahiago dugu gure egitasmoaren aurka erabiltzen duen arrazoibide nagusia ezeztatzea. Bi dira aipamen nagusiak: 

1.- Urolaren Plan Bereziaren aurka doa.

Aldundiak ez zuen Plan hori idatzi, baina bai, guk ere parte hartu genuen Plan Berezi horren eztabaidan eta bere helburuak dunaren kontserbazioarenarekin erabat bateragarriak zirenez aldeko txostena igorri genion Udalari. Eremu horren erabilera publikoa ordenatu eta landare exotikoak erauztea aurreikusten du Udalaren Plan Bereziak. Baina hain zuzen ere azken lan horri ekiteko asmoa azaldu dugunean Leiza jaunak dio pinuak ez direla exotikoak Santiagoko dunetan, ez omen da dokumentu horretan pinuen berariazko aipamenik azaltzen eta, gainera, “Botanikan aritzen diren askoren eta biologia ikasi dutenen arabera, eremu hauetako zuhaitz arrunta… ” dela pinua, “…egon behar duen zuhaitz potentziala dela ikasi izan dute…”. Bere ideia horri eutsi eta gure asmoak arbuiatzeko erabiltzen dituen argudio horien ordez hobe izaten da Komunitate Zientifikoan itsas pinuaren izaera eta naturaltasunaz dagoeneko gorpuztu diren eta txosten tekniko, ofizial eta normatiboetan jada jasota dauden dokumentuei erreparatzea:

  1. a) Aseginolaza et al (1985) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Landare Katalogoa. Eusko Jaurlaritza
  2. b) Aizpuru et al (1999) Euskal Herriko landareak eta inguruetakoak sailkatzeko gako irudidunak. Eusko Jaurlaritza
  3. c) Silvan & Campos (2002). Euskal Erkide Autonomoko haretegietako mehatxupeko landaretza baskularraren ikerketa.

Beraz, “Plan honetan (Urolako Plan Berezia) ez da aurreikusten pinuak moztea, baina landare exotiko inbaditzaileak kentzea bai” dioenean kontraesan nabarmenean erortzen da, hain zuzen ere pinuak kanpokoak direlako eta, Urolako Plan Berezia eskuan, haren jarraibideak gauzatzeko kendu egin behar baitira pinuak.

Itsas pinuaren izaera inbaditzailearen neurri ematen digute IUCNek (Naturaren Kontserbazioarentzako Nazioarteko Elkarteak), mundu mailako 100 espezie arriskutsuenen artean sartzen duenean; Ingurumen Ministerioak ere horrela dauka katalogatua Kantauri itsasertzeko dunetarako eta hura erauzteko gidak argitaratuak ditu; EAEko Flora aloktono inbaditzailearen diagnosia, Eusko Jaurlaritzak 2008an argitaratutako liburuak ere horrela jsotzen du.

Urolako Plan Bereziaren bultzatzaile nagusia izateak ez lioke Leiza jaunari hura bere apeta pertsonalen arabera interpretatzera eraman behar; testu ofiziala izanik era objektiboan irakurri behar da, eta espezie inbaditzaileen erauzketa agintzen badu, pinuaren kasuan eztabaidarako tarte gutxi uzten du. Horrela interpretatu du, hain zuzen ere, Udalak, Plan horren gauzatzearen ardura zuzena duenak.

2.- Pinudiak balore gehigarria sortu du.

Beti ere natur balioekin lotuta dator balorazio hau, eta honako arrazoibideari jarraitzen dio: Pinuekin batera espezie gehiago azaldu direnez orain, dunak biodibertsitate handiagoa du; anitzagoa da eta Euskal Herrian oso urriak diren espezie berriak ere baditu orain.

Baieztapen hauek egin aurretik tentu handiz ibili beharra dago. Izan ere, dunako habitat horren eraldatzailea den pinudiak bertako baldintzak horrenbeste aldatzen ditu, berez dunetan azalduko ez liratekeen hainbat espezieri bidea ireki diezaiekeela. Pinuarekin lotutako espezieak lirateke. Kasu horretan espezie horiek gure eskualdean arraroak izatea ulertzen erraza da, ez daukagu eta hemen, berez, horientzako habitat egokirik.

Aranzadik aztertu dituen perretxiko berriak, eta Aitor Leizak berak eginiko azterketa mardularen ondoren aurkitu dituen orkidea berriak berezkoak diren edo pinudiagatik mantentzen diren argitzeak denbora eramango digu. Horregatik ez goaz pinu denak kentzera, guztira diren 172 zuhaitzetatik 50era ere ez da iristen kenduko ditugunak; azalerari dagokionez, egungo pinuek hartzen dutenaren %22a kenduko da eta ondoren bertako zuhaitzez bete ondoren geratuko den zuhaitz azalera egungoaren %91a izango da, hori izango da orain burutuko dugun esku-hartzea. 

Arauak agintzen diguna tentuz eta zuhurtziaz goaz betetzera. Horretarako, espezieen eta prozesuen bilakaerak ondo aztertu beharko ditugu. Lan horretarako Aitor Leizaren ezagutza eta partaidetza ere ondo etorriko litzaiguke; baina beti ere egoera modu objektiboan aztertuz. Izan ere, ez dugu ahaztu behar xedea horren habitat urri eta baliotsuaren kontserbazioaz ari garela.

Jon Zulaika

Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikaria

Erlazionatuak

GUTUNA: Santiagoko dunako pinuak kentzearen aurrean

Aitor Leiza. Ingurumen zinegotzi ohia 2017 ots 08 Zumaia 1