“Prezioekin espekulatzeko aukera dute enpresa handiek”

Baleike 2017ko ots. 19a, 11:35

Argindarraren sistemak nola funtzionatzen duen ulertzeko ikastaro trinkoa beharko genuke, baina argibide batzuk, behintzat, eman dizkigu Eribe de Otxoak.

Argindarraren sisteman lau urrats nagusi daude: energiaren ekoizpena, garraiatzeko azpiegitura, energiaren banatzaileak eta saltzaileak. Erdiko biak ez daude liberalizatuta: garraioa Red Eléctrica Españolak kontrolatzen du, eta bere lana da ekoizleak tentsio altuko sarearekin lotzea; ondoren, banatzaileak arduratzen dira argindarra kontsumitzailearengana helarazteaz, tentsio baxuko sarearen bidez. Hegoaldean, adibidez, Iberdrola Distribución enpresaren esku dago ia gehiena. Bi kasuetan, jarduera araututa dago eta ezin dute prezioa aldatu. Baina ekoizpena eta salmenta liberalizatuta daude 1997tik. Horrek esan nahi du baldintzak betetzen dituen edonork sortu edota saldu dezakeela argindarra. “Berez, 300dik gora enpresa daude sektorean argindarra saltzen dutenak, baina egia da bost handienek kontrolatzen dutela merkatuaren zati handiena: Iberdrola, Endesa, Fenosa, Viesgo eta Hidrocantabricoren artean merkatuaren %70 inguru daukate”, azaldu du Eribe de Otxoak.

Nola funtzionatzen du argindarraren merkatuak?

Pentsa dezagun tomateak salerosten ditugula. Esan dugu tomateen ekoizpena eta salmenta daudela liberalizatuta. Orduan, tomateak saltzen ditugunoi egunero galdetzen digute zenbat tomate beharko ditugun. Guztion eskaria jasotzen denean ekoizleei esaten zaie hainbeste tomate behar dira. Ariketa hau orduero egiten da. Ekoizle bakoitzak esan behar du zenbat tomate eskaintzen dituen eta zer preziotan. Eskaintza guztiak jasotzen dira eta eskariari erantzuten zaio merkeenetik hasita. Adibidez: 50 tomate behar dira. Horietatik nuklearrek diote 20 ekoizteko prest daudela. Nuklearren kasuan, teknologiaren ezaugarriengatik, beti martxan egon behar dute, ezin dira gelditu edo martxan jarri eskariaren arabera, ez lirateke bideragarri. Orduan, nuklearren tomateak nahitaez kontsumitu behar direnez, merkatuan zero euroan eskaintzen dituzte. Demagun haize errotek beste 15 tomate eskaintzen dituztela, hauek 15 euroan; hidroelektrikoek hamar tomate 20 euroan; eta zentral termikoek beste hamar tomate 60 euroan. Guztira 55 tomate eskaintzen dituzte, baina 50 baino ez ditugu behar. Zer egiten da? Termikoek eskainitako hamar horietatik bost hartuko dira eta beste bostak baztertu. Eta azken tomate horrek markatzen du salmenta osoaren prezioa. Hau da, 50 tomateak ordainduko dira garestienaren prezioan, 60 euroan.

Beraz, energia nuklearra, berriztagarria edo termikoa izan, prezio berberean salerosten da?

Hala da. Sistema marjinalista deitzen zaio horri.

Baina teknologia guztiek ez dute ekoizpen kostu berbera. Ez da berdin kostatzen argindarra sortzea zentral nuklear batetik edo haize-errota batekin…

Hori da sistema honek daukan arazoetako bat, ez dakigula benetan zenbat kostatzen den argindarra sortzea teknologia bakoitzarekin. Hor iluntasun handia dago, enpresa handiek ez dute informazio hori ematen. Baina datu deigarriak azaleratu dira. Aragoiko ur jauziekin gertatu da. Enpresa batzuek ur jauzi horiek esplotazioa lortu zuten duela zenbait hamarkada. Epea amaitu denean, azpiegitura horiek Aragoiko Gobernuaren esku gelditu dira, eta ohartu dira argindarra zazpi euroan salduta kostu guztiak estaltzen dituztela. Hortik adibidean aipatutako 60 euroetara dena da irabazia. Francoren garaian egindako azpiegitura haiek guztiak aspaldi daude amortizatuta, asko oraindik enpresa handien esku daude, eta ez dakigu benetan zer etekin ateratzen dioten. Informazio hori falta da.

Baina badago beste arazo bat: enpresa berberak daude katearen bi muturretan, ekoizten eta saltzen. Aukera dute prezioan eragiteko.

Zalantza hori hor dago, bai. Zaila da hori demostratzea, baina 2013an lortu zen Iberdrolaren kasuan. Ur jauzi batzuk ez zituen martxan jarri, prezioa jaitsi ez zedin. Tomateen adibidera itzulita, eskaria asetzeko hiru ale falta badira, eta zure esku badauzkazu hainbat teknologia, batzuk merkeagoak beste batzuk garestiagoak, ba, aukera daukazu horrekin jokatzeko eta azken tomate hori garestienarekin ekoiztu eta prezio altuena markatzeko. Espekulatzeko aukera dute handi horiek, beraien esku daudelako nuklearrak, eolikoa, gasa, hidraulikoa… Teorian merkatu librea dena errealitatean ez da hala. Horregatik guk burujabetzari buruz hitz egiten dugu, zeuk sortzen baduzu behar duzun energia, orduan zeuk ezarriko diozu prezioa zeure buruari.

Hain ulergaitza egiten zaigun fakturan badago zati handi bat finkoa dena. Gure hileroko kontsumoa dago, zergak eta hainbat kontu jasotzen dituen zati finkoa. Hor zer ordaintzen dugu?

Zati finko horretan gauza asko ordaintzen dira, eta ez da erraza ulertzen. Hor daude moratoria nuklearra, berriztagarrien dirulaguntzak, ikatzaren diru laguntzak, Kanariar Uharteetako gain kostua… Adibidez, sistemaren erdiko bi urratsetako kostuak –garraio azpiegitura eta banaketa– hor daude sartuta. Potentzia eta energia ordainsariak dira, eta horiek Espainiako Gobernuak ezartzen ditu. Baina egia da negozioaren zati hori kudeatzen duten enpresek presio egiten dutela ordainsari horiek ahalik eta altuenak izan daitezen. Adibidez, potentziaren kasuan, 2013ko apirilean 21 euroan zegoen eta gaur egun 42 euroan dago. Bikoiztu egin da. Eta sarrera horiek enpresen eta Ministerioaren artean banatzen dituzte.