"Ez zaie tratu humanoa ematen; animaliak bezala tratatzen dituzte”

Baleike 2017ko ots. 17a, 18:07
Ezkerretik, Iñigo Mijangos, Javi Julio, Iñigo Gutierrez eta SMHko beste kide bat

Wait, just wait. Egon, zain egon. Besterik ez, hori da Chioseko (edo Europako beste lekuetan dauden kanpalekuetako) errefuxiatuei esaten dietena. Zain egoteko. Ezin dute aurrera egin eta atzera bueltatu ere. Horren berri eman zuten atzo Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) taldeko kideek Alondegian egin zen ekitaldian. Honekin amaitu zen Zumaiako Errefuxiatuen Harrera Taldeak antolatutako saio sorta.

Wait, just wait izena duen dokumentala eman zen lehenbizi. Ikusentzunezkoaren zuzendaria Javi Julio eta SMHko kide Iñigo Mijangos eta Iñigo Gutierrez izan ziren atzo Zumaian. Dokumentalaren lehen zatian SMH edota Zaporeak bezalako taldeek egiten duten lanaren berri ematen da. Bigarren zatian, baina, errefuxiatu hauek Chioseko kanpalekuetan bizi duten egoera lazgarria jasotzen da. “Han [beraien jaioterrian] bonba batek berehala hilko ninduke; hemen ehun aldiz hiltzen gara egunean”, dio errefuxiatuetako batek pelikulako une batean.

“Pelikulan ikusi duzuena haurren jolasleku bat da negu honetan bizi izan dutenarekin alderatuta”, azaldu zuen Iñigo Gutierrezek amaieran. “Egin duen elurrarekin eski-estazio bat zirudien hark. Agintarien utzikeria basatia izan da. Umeak hotzez negarrez, zero azpiko 3 gradurekin lona horien azpian gaua pasatzen, haize bortitz haiekin... Ez dago eskubiderik”.

“Han igarotako hilabeteotan ikusi dut laguntza medikoa ez dela serio hartu”, gaineratu zuen Iñigo Mijangosek. “Ematen zaien laguntzak hemen dugunaren berdina izan behar du. Orain hiru hilabete joan nintzen eta ikusi nuen laguntza desegiteko kotxe batean eta erretako kontenedore batean ematen zirela. Hala ematen ari ziren laguntza ofiziala. Jaso genuen erantzuna izan zen besterik ezin zutela egin”.

“Borondate kontua da”, jarraitu zuen Gutierrezek. “Dagoen arazoetako bat duintasuna da. Ez zaie tratu humanoa ematen; animaliak bezala tratatzen dituzte”. Europar Batasunak Turkiarekin sinatutako akordioaren ondoren, errefuxiatuek jasotzen duten tratua aldatu dela salatu zuten. “Greziako patruila-ontzi bat ikusi genuen errefuxiatuen ontzi bat mangeren bidez urrutiratu nahian. Ez da posible. Errefuxiatu beraiek diote beraiek ez zirela hona etorriko, baina martxan jartzen dira edo hil egiten dira. Eta jende askok beraien umeengatik egiten dute hau. Beraien delitu bakarra da leku horietan jaio izana. Eta gero guk esaten diegu ez dugula etorri behar. Esan behar zaiena da ongietorriak direla”.

Laguntzeko erak

Instituzioetatik ia laguntzarik jasotzen ez dutela diote pozik. “Ez dugu erakundeen laguntza bilatzen. Iaz 9.000 euro jaso genituen. Zarauzko eta Donostiako Udalak eta Foru Aldundiak, bakoitzak 3.000 euro eman zizkiguten. Hori da instituzioetatik jaso duguna. Horregatik libre gara edozein instituzioen aurrean ez isiltzeko Bestela herritarrek, beste elkarteek edo parrokiek ematen diguten diruarekin egiten dugu lan. Gero, egiten ditugun gastu guztien berri ematen dugu”.

SMHk laguntza zentro berri bat zabaltzeko asmoa du Chiosen, “bertako lagunek kudeatuko dutena”. Lokala lortu dute eta martxoaren amaierarako prest egotea espero dute.

Bestalde, beste elkarte eta talde batzuekin batera, Lampedusako kanalean lanean hasiko dira. “Dokumentu bat prestatu dugu eta sintonia ona dago talde guztien artean. Martxoan bertan bidaliko ditugu boluntario batzuk Lampedusara, martxoan hasten dira eta berriro txalupak itsasoratzen”.

Elkarte hau lagundu nahi duenak, Facebook bidez jar daitezke beraiekin harremanetan.