Mozorroak prestatzen hasteko ordua heldu da

Baleike 2017ko ots. 17a, 15:20

Aurten, otsailaren 24tik 27ra ospatuko dira Zumaiako Inauteriak. Udalak egun horietarako egitarau zabala aurkeztu du. Ikuskizunak, musika, lehiaketak... denetarik izango da.

Ikastetxeetako haurren festarekin hasiko dira datorren ostiral arratsaldean inauteriak herrian. Ondoren, 17:00etan Ludotekan jarraituko du festak, eta 18:30ean Musika Eskolak eta ZUMB Musika Bandak inauterietako kalejira eskainiko dute euskal inauteriak gaitzat hartuta.

Larunbatean, hilaren 25ean, egun guztian zehar egongo da inauterietako mundu majikoan sartzeko parada. Hala, 12:00etan The Joselontxos txarangaren kalejira izango da herriko kaleetan zehar. Arratsaldean, 17:00etan Eusebio Gurrutxaga plazan, inauteritako mozorro festa izango da, eta jarraian, The Joselontxos txarangak beste emanaldi bat emango du.

18:30etatik 21:00etara berriz, photocall-ean parte hartzeko aukera egongo da Oxford aretoan. Bertan egongo da kokatua Argazki Txokoa. Mozorro lehiaketak ere izango dira. Alde batetik, 18:00etan Eusebio Gurrutxaga plazan haurrentzako lehiaketa izango da. Bertan lau sari emango dira: banakoei eta taldeei bana, 0-8 urte eta 9-16 urte bitarteko adin tarteetan.

Bestetik, Gazte eta Helduen mozorro lehiaketa izango da. Kasu honetan ere lau sari emango dira:

- Larunbateko mozorro onenak: bikotea edo banakakoa 80 € / taldea 120 €

- Argazki Txokoan herritarren botazioko sariak: bikotea edo banakakoa 80 € / taldea 120 € 

Egunarekin amaitzeko, 22:30etan hasita disko festa izango da Kofradian.

Inauterietako egitarauarekin jarraituz, igandean, zinea izango da Aita Marin 16:30ean.

Amaitzeko, astelehenean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen "Tipi-tapa, Korrika!” ikuskizuna izango da Maria eta Jose aretoan. Bi emanaldi izango dira: 15:00etan eta 17:30ean. 18:00etan aldiz, LH 4-6 bitarteko haurrentzat inauteri festa izango da Ludotekan.