EH Bildu: “Poligonoko bizilagunen artean egonezina dago aparkalekuen inguruan; Udan kaosa gertatuko dela uste dute”

Baleike 2017ko ots. 16a, 18:30

Aparkalekuak erregulatzeko sistema lantzeko hiru bilera egin ditu EH Bilduk Zumaiako herritarrekin azken asteotan. Horrez gain, inkesta bat ere abian jarri du koalizioak Interneten. Horren guztiaren balorazioa egin dute gaur eta aurreikusitako sisteman aldaketak egin dituztela ere adierazi dute. Aldaketa nagusiena herrian egoiliarren gune bakarra ezartzea izango da eta ez bi, hasiera batean aurreikusten zen bezala.

EH Bilduren Hirigintza zinegotzi Josu Arrietak eman du parte-hartze prozesuaren emaitzen berri. “Hiru bilera egin ditugu herritarrekin, bi Zumaian (Sagarbiden eta Alondegian) eta bat Oikian. Inkesta bat ere jarri dugu Interneten eta guztira 170 pertsonen iritziak bildu ditugu”. Inkestaren emaitzak gaur bertan zintzilikatu dituzte Baleikeko Komunitatean.

“Bileretan jendea oso gustura egon da. Udal Gobernuaren bilerak informatiboak ziren; gure lan dinamika desberdina izan da: bost minutuko sarrera bat egin eta ondoren lan talde txikitan banatuta egin da lan”. Inkestetan ere erantzun baliotsuak jaso dituztela nabarmendu du. “Askotan ez aparkalekuetara mugatutakoak, mugikortasunera zuzendutakoak baizik”.

Iritzi hauei so eginez, hasiera batean pentsatuta zuten sisteman aldaketak egin dituzte. “Guk garbi ikusten genuen herria bi gunetan banatu behar zela, egoiliarri dagokionez. Baina Zumaia ez dago prest eta gune bakarra egingo da”. Beraz, sistema honen arabera, egoiliarrek Zumaiako edozein lekutan aparkatzea izango dute. “Kotxearen erabilpenari dagokionez, pedagogia pixka bat erabili beharko dugu”.

EH Bilduren proposamena.

Errotazio handiko eta iraupen ertaineko guneetan ere aldaketak izan ditu EH Bilduren proposamenak. Errotazio handiko guneak Alaiko Eroski aurreko aparkalekuan (baina ez inguruko espaloietan), arranplatik Pulpora bitartean, ibaiertzean, eta anbulatorio aurrean kokatuko dira. “Hasierako 45 minututik ordu beteko iraupenera pasako dira. Anbulatorioko kasuan, kontsulta batzuk luze jotzen dutelako, txartel berezi batzuk jarriko dira gidarien eskura, kontsulta luzatzen bada, autoan jartzeko”.

Errotazio ertaineko gunea Lubaki kiroldegi parean kokatuko da. “Bi ordutik hiru ordura luzatuko da gehienezko egonaldia. Hasiera batean Itsas kiroldegi parean beste gune aurreikusten zen, baina, Estaziokoa hurbil dagoenez, ideia bertan behera utzi da”. Bai gune honetan, bai errotazio handikoan, doako txartela atera beharko da.

Egonaldi luzeko guneak Estazioko industrigunean, kirol portuan eta Sarauneko zabalgunean kokatuko dira. Gune hauetan nahi adina denbora egon ahal izango da.

Autokarabanentzako ordainpeko gunea jartzea begi onez ikusi dela adierazi du Arrietak. “Ordainpekoa izango da, zerbitzu guztiekin eta gehienez 48 orduz egon ahal izango da”. Gune hau Santiago auzoan, Guascor zaharraren alboko zabalgunean joango litzateke.

Egonezina

Aparkalekuaren gai honekin herritarren “egonezina” sumatu dutela ere aipatu du zinegotziak. Gehienbat, Poligonoetako bizilagunen artean, auzategi hauek “alde batera uzten direlako” Udal Gobernuaren proposamenean. “Poligonoan ere aparkalekuak erregularizatu behar direla ondorioztatu da, bestela uda garaian kaosa sortuko dela pentsatzen dute”. Gogoratu behar da Udal Gobernuaren proposamenak zubitxikitik hirigunera bitarteko trafikoa erregulatzen duela lehen urtean eta Poligonotako trafikoaren erregulatzea 2018rako uzten dela. “Espero dugu Udal Gobernua konturatuko dela erabaki hau kontsentsu bidez hartu behar dela eta ez inposatuta”, azpimarratu du Arrietak.

Astelehen honetan bertan hirigintza batzordea egingo da Udalean eta bi proposamenak aztertuko dira, Udal Gobernuarena eta EH Bildurena. Hala ere, Josu Arrietak adierazi du erabakia herriarekin batera hartu behar dela. “Hau ez da Plenoak hartu behar duen erabaki bat, herriak ere gai honetan erabaki bat hartu behar du eta horretarako baliabideak jarri behar dira”. Adostasun bat aurkitzeko borondatea ere erakutsi du.