Donostiako DFerian hartuko du parte Jaiotz Osa dantzariak

Baleike 2017ko ots. 15a, 12:58

Lasala dantza konpainiaren eskutik, DFeria Arte Eszenikoen XXIII. edizioan hartuko du parte Jaiotz Osa dantzari zumaiarrak Now izeneko ikuskizunarekin. Emanaldia martxoaren 8an izango da 12:00etan, Gazteszenan.

Donostiako DFeria Arte Eszenikoen egitasmoak bere XXIII. edizioa du aurtengoa. Martxoaren 6tik 9ra, hainbat diziplinez gozatzeko aukera egongo da Donostiako antzokietan. Hain zuzen, programazioko ikuskizun batean Jaiotz Osak hartuko du parte. Now ikuskizuna sortu duen Judith Argomaniz zuzendari eta koreografoaren laguntzailea izan da zumaiarra, eta horretaz gain, dantzari gisa ere parte hartuko du obran.

Ikuskizunak gizakiak behar duen biziberritzeaz dihardu. 'Errutina, jarrera, patroi errepikatuei atxikita bizi gara; horri guztiari aurre egiteko, berritzea beste biderik ez du gizakiak' dio obraren sinopsiak.