Ikastetxeetako haurrek ekitateari buruz hitz egin dute Udal ordezkariekin

Baleike 2017ko ots. 15a, 12:17

Eskola Agenda 21aren barruan, iaz Udalari proposatu zizkioten gaien inguruko jarraipena egin dute Zumaiako ikastetxeetako haurrek gaur goizean.

2005/2006 ikasturtetik Eskola Agenda 21 programa eramaten da aurrera Zumaiako ikastetxeetan. Urtero gai ezberdin baten inguruan lanketa egiten dute, eta ikerketa horren ondorioak Udalari aurkezten dizkiote. Iaz, ekitatearen inguruan sakondu zuten, eta guztira zortzi proposamen osatu zituzten.

Gaur goizean zortzi proposamen haien jarraipena egiteko asmoz alkatearekin, kultura zinegotziarekin eta Udaleko aparejadorearekin elkartu dira ikastetxeetako haurrak. Banan banan proposamenak gogoratu eta horien exekutazio egoera zein den ezagutzeko parada izan dute.

Bestalde, ikasturte honetako Eskola Agenda 21eko gaia Ekitatea eta Klima aldaketa da. Egun ari dira eskoletan sakontzen, eta emaitzak maiatzean plazaratuko dituzte ez ohiko udalbatzarrean.