Bihar hasiko da ‘Euskara, bestela ez gara’ hitzaldi zikloa Oxforden

Baleike 2017ko ots. 14a, 14:45
Argazkia: Zumaiako Udala

Lau hitzaldiz osatutako ziklo hau lau asteazken jarraietan izango da Alondegiko Oxford aretoan arratsaldeko 18:30ean. Kontzientziazio lana egin eta jendea soziolinguistika gaietan janztea dira hitzaldi zikloaren helburuak.

Urtero legez, Udaleko Euskara sailak ‘Euskara, bestela ez gara’ hitzaldi zikloa antolatu du. Hitzaldi hauek gaur hasi eta lau asteazkenetan izango dira Alondegiko Oxford aretoan arratsaldeko 18:30ean.«2012an hasi ginen hitzaldi ziklo hauekin. Ikusi genuen arrakasta izan zuela, eta hala, urtero antolatzen hasi ginen» adierazi du Udaleko Euskara teknikari den Josune Herrartek.

Hitzaldi hauen arrakasta ez dute joaten den pertsona kopuruarekin alderatzen, baina 30-40 pertsona inguru azaltzen dira, eta hizlaria ezaguna bada 50-60 ere bai. «Publiko fidela dugu, askotan jende antzekoa etortzen da eta horrek ondorio batera eraman gaitu. Konturatu gara jende hori soziolinguistikan janzten ari dela, eta era berean euskararekiko kontzientzia bat hartzen» esan du Herrartek. «Balorazio ona egiten dugu, beraz. Badakigu horrelako hitzaldiak inoiz ez direla masiboak izango, eta joaten den jende hori soziolinguistikan janzten laguntzen badugu, askoz ere hobeto» jarraitu du.

Lau hitzaldi

Soziolinguistaren eta euskararen inguruko gaiak lantzea da hitzaldi hauen helburua. Puri-purian dauden gaiak, aktualitatezkoak, ikerketak eta abar ekartzen dituzte. «Soziolinguistika oso ikuspegi zabaletik jorratzen dugu. Ez dira bakarrik ikerketak, datuak eta horrelako kontuak izaten. Ez da zerbait akademikoa, eta soilik adituei zuzendua. Iritziak ekartzen ditugu, esperientziak, aktualitatezko gaiak…» aipatu du.

Hala, lehenengo hitzaldia Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak izeneko ikerketaren emaitza batzuen inguruan izango da eta hizlariak Ane Ortega eta Esti Amorrortu izango dira.

Bigarren hitzaldia otsailaren 22rako dago antolatuta eta Maialen Lujanbio izango da gonbidatua. «Kultura euskaraz sortzeak duen garrantziaz hitz egingo du.  Maialen bertsolaria izateaz gain idazlea, sortzailea... da. Euskal Herri osoan ibiltzen da, eta beste ikuspegi bat, beste pertzepzio bat du euskararekiko» adierazi du Herrartek.

Zumaiako errealitatea

Hitzaldi ziklo hauei Zumaiako ikuturen bat beti saiatzen dira ematen. Hizlaria bera edo tratatutako gaia herrikoa izatea beharrezkotzat jotzen dute, «herriko irudia» zein den isladatzeko.

Aurten horrelako bi hitzaldi izango dira. Lehenengoa martxoaren 1ean izango da eta Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Zumaian? galderari  erantzungo dio Idoia Etxeberriak. «Guztira, 36 bat hizkuntza hitz egiten dira Zumaian. Ildo honetatik, hizkuntza guztiak elkartzen dituen ikus-entzunezko bat grabatu dugu. Ez ditugu guztiak grabatzea lortu. Euskara, gaztelera eta zeinu hizkuntza barne, 31 lortu ditugu» aipatu du Herrartek.

Azkenengo hitzaldia martxoaren 8an izango da, eta hizlaria Belen Uranga soziolinguista zumaiarra izango da. Euskararen erabilera Zumaiako kaleetan izeneko kale neurketaren emaitzak plazaratuko ditu. Kale neurta hau bost urtetik behin egiten den ikerketa bat da, eta azkenengoa 2011ean burutu zen. Beraz, 2016ko udazkenean egin zen neurketaren emaitzak ekarriko ditu.

Aurten bost emakume hizlari izango dira. «Iaz lau gizonezko etorri ziren, eta desoreka hori konpontzera konprometitu ginen. Kartel ona lortu dugu. Egia esan, ez dugu inoiz aparteko arazorik izan kartela osatzerakoan. Gainera soziolingustika gaietan punta puntan ibili diren pertsonak etorri dira: Jon Sarasua, Iñaki Martinez de Luna, Iñaki Marco, Paula Casares, Lorea Agirre, Kike Amonarriz…” amaitu du Herrartek.

Erlazionatuak