DSS2016EU GR sareko ibilbide bat Zumaiatik pasako da

Baleike 2017ko ots. 14a, 14:25

Gipuzkoako gune natural babestu guztiak oinez zeharkatzeko zazpi Ibilbide Luze edo GR; horrela gauzatuko da Donostia 2016-ren 2016 bidea proiektuaren legatua. DSS2016EU GR SAREA izeneko mendi-bide sare hau Europako mendi-bide sarearen barruan kokatzen da, eta Hiriburutzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiaren lankidetzari esker egokitu eta seinaleztatu da. Bide luze hauetako bat, Talaia, Zumaiatik pasako da.

Bi erakundeen arteko elkarlanari esker, Gipuzkoako GR ibilbide guztiak sare bakarrean bateratu ahal izan dira lehenengo aldiz. Legatu garrantzitsu hau Donostia 2016-k sustatutako balioei lotuta dago, hala nola, ariketa fisikoari eta naturarekiko harremanari.

Donostia 2016-k DSS2016EU GR SAREA osatzen duten 7 ibilbideen inguruko informazio guztia biltzen duen argitalpen bat landu du. Gida hori lurraldeko hainbat interesgune ezberdinetan banatuko da, hala nola, turismo bulegoetan, udaletxeetan etab. Halaber, ibilbidearen inguruko zehaztasun guztiak eskuragarri egongo dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean  www.gipuzkoaoinez.com

GR sare honek dakarren legatua amaiera da 2016 bidea proiektuarentzat, Hiriburutzaren ekintzen artean interes handiena piztu duen ekimenetako batentzat, alegia. 2016ko martxoaren 27an bere ibilbidea hasi zuenetik urriaren 30ean amaitu zuen arte, zazpi hilabetez, igandero-igandero mendia hiritarrei gerturatzea izan zuen helburu 2016 bideak, eta guztira mendiko 32 etapa, 100 ekintza kultural baino gehiago eta 1.285 parte-hartzaile baino gehiago bildu zituen. 

Zazpi Ibilbide Luzeak 

  1. GR 121 TALAIA ibilbidea - Hondarribia-Saturraran: 80km- Gipuzkoako kostaldea zeharkatzen duten 6 etapa.
  2. GR 121 BIZKAR ibilbidea - Mutriku-Arantzazu: 94km- Bizkaia eta Arabaren arteko mugan ibilaldi handia osatzen duten 4 etapa.
  3. GR 283 GAZTAREN ibilbidea - Aralar-Aizkorri Aratz: 92km- artzaintzaren inguruko guztia ezagutu ahal izateko 5 etapa.
  4. GR 121 EPAIPIDE ibilbidea - Lizarrusti-Behobia: 96km- Gipuzkoako auzo-mendi zabaletan zehar doazen 4 etapa.
  5. GR 35 ALTXONBIDE ibilbidea - Lizarrusti-Zarautz: 70km- artzainek erabilitako udako bazkak negukoekin. 
  6. GR 285 MENDIBAI ibilbidea - Elgoibar-Behobia: 128km- barnealdeko mendikatean zehar Gipuzkoako 5 ibai nagusiak zeharkatzen dituzten 4 etapa.
  7. GR 286 ARAINDARRI (Hiru Tenpluen) ibilbidea - Arantzazu-Zumaia: 80km- Gipuzkoako barnealdea eta kostaldea lotzen duten 4 etapa.

Talaia izeneko bidea pasako da Zumaiatik. Hondarribitik Mutrikuko Saturraran hondartzaraino doan mendi Ibilbide Luze (GR) hau garai bateko baleazaleek, zelatatzeko, erabiltzen zituzten talaietatik zehar doa eta, hortik zidorraren izena. Itsasoari begira egiten den bide honetan Jaizkibel-Ulia KBEa, Iñurritza Biotopoa, Garate-Santa Barbara KBEa eta Euskal Kostaldeko Geoparkea gurutzatzen dira; baita ere, hainbat hondartza, kala, gotorleku, herri eta auzo. Horregatik, aukera paregabea eskaintzen du Gipuzkoako natura eta kultura ezagutzeko.