GUTUNA: Ardantza auzoko bizilagunen desadostasuna

Izar Zubieta 2017ko ots. 13a, 17:22

Ardantza auzoko bizilagunek gutuna bidali dute udalera azken aldian hartutako erabaki batzuen aurrean beraien desadostasuna azaltzeko. 

Udaletxeko Jaun/Andere agurgarriak:

Gutun honen bitartez, Ardantza Auzoko kide guztiok, orain jakin berri ditugun aldaketa guztien aurrean gure desadostasuna azaltzeko asmoa dugu. Desadostasun horiek, hiru ardatzen inguruan sortu dira.

Lehendabizikoa, auzoaren izenaren ingurukoa da. Orain berriki jakin dugu helbidea, dirudienez, 80. hamarkadatik aldatua dugula (nahiz eta sekula inork ez digun jakinarazi). Beraz, orain Ardantza auzokoak izan ordez, Ardantza bidekoak omen gara. Horren inguruan jaso ditugun argudio bakarrak, aspaldi egindako aldaketa dela eta frontoi zein ermitarik ez dugula izan dira.

Auzi horrekin ez gaude ados, betidanik auzoa horrela ezagutu eta bat batean bizilagunetako inori ezer esan gabe aldatua izan delako.

Horrez gain, Algorri bidean ezarri duzuen panelean gure auzoaren izena bederen ongi idaztea nahi genuke oraingoan ANDARTZA dagoelako idatzita ARDANTZA beharrean.

Bigarrenik, auzo izaera ukatua izan dugunez eta Ardantza bideko auzotartzat hartu gaituzuenez, ez dugu ulertzen egoiliarren txartela izateko ezintasuna. Zeuen azalpenen arabera, auzo ez bagara auzo bateko kide gara eta eskubide osoa dugu bertako beste ezein bizilagunen gisan egoiliarren txartela eskuratzeko.

Kexa hori ere plazaratu genuen udaletxean baina erantzuna izan zen eskubide hori biribilgunean amaitzen dela eta nahi izanez gero, Goiko Plazan Oikiako bizilagunek eta lor dezaketen antzera lor dezakegula leku bat. Nola uler daiteke kontraesan hori? Herritik inoiz baino gertuago bizi, herriko ustiapen turistikoko gune izan eta eskubide zein laguntzarik izan ez? Gauza horien harira azalpen koherenteak nahi genituzke.

Beste argudio bat, gure auzoa “zona rurala” dela izan zen eta biribilgunetik bestaldera “urbano”. Herrian bertan, era erosoan bisitagarri dagoen gune “rural” edo baserri gune bakarra gurea dela jakinik, hori era askotan ustiatzen dela jakinik eta orain artean “urrun” egoteagatik jarri dizkiguzuen traba guztiak onartu ditugula jakinik, nola da posible orain ere betiko leloaren leloan aurkitzea?

Hirugarrenik, gutun bidezko postarena auzia plazaratu nahi genuke:

Garai batean, gure auzoa herritik urruti aurkitzen zela argudiatuta eta auzokideok argudio hori koherentetzat ulertuta (eta etxebizitza berriekin egoera aldatuko zelako esperantzan), onartu egin genuen eta sekula ere txintik esan gabe joan izan gara urte askoz, “Correos”eraino gutun bila. Orain ordea, Ardantza- biden egin diren etxebizitza guzti horietara postaria iristen dela jakinik eta azken bebarrua 500 metro barnean kokatzen dela jakinik, ez dugu ulertzen zergatik ez zaigun zerbitzu hori eskaintzen oraindik, 2017. urte honetan.

Horren inguruan kexatzera joan ginenean udaletxera, bertako teknikari batek, koherentziarik gabeko argudioak eman zizkigun eta azken momentuan gure auzokide batekiko errespetu falta batekin amaitu zuen.

Lehenik eta behin errespetu falta hori salatu eta gaitzetsi nahi genuke udal batza guztiaren aurrean. Bigarrenik, eta gaiari helduaz, posta gure etxeetara ere ekartzea eskatu eta exijitu nahi dugu gainontzeko edozein herritarren eskubide berberak ditugulako (edo izan behar genituzkeelako).

Horrez gain, gutun hau, beste eskari bat egiteko ere baliatu nahi genuke. Jakin badakigu, gure auzoa herriko lekurik ederrenetako batean dagoela kokatua eta azken urteotan hori turistikoki neurri gabe ustiatzen ari denez, zakarrontziren batzuen beharra azpimarratu nahi genuke. Azken finean, bertatik igarotzen diren txangoek, familiek, bikoteek, koadrilek etab.ek euren zaborrak nora bota jakin ez eta bide bazterrera, “zangara” edo hai(t)zpunta bertara botatzen dituzte (labarretara alegia). Beraz, guri auzotar bezala eta zuei, herritar zein udaleko kide bezala, gaiak hurbiletik ukitzen gaitu/ zaituzte. Ustiatu behar bada, zain dezagun bederen ingurua garbi mantentzeko neurriak jarriz. Garbi mantentze lan horien barnean, herri bideetan ere, sasiak, belarrak eta bestelakoak ikaragarri hazten utzi baino lehen moztuaz (Algorrin, Hai(t)zpuntan, Goiko Torrerako mendiko bidean...).

Azken aldarri edo eskaera bezala, orain dela egun batzuk, bideko zuhaitzen adarrak moztu zenituzten (mila esker urte askoren ostean jaramon egiteagatik), baina orain, indar handiko kableak guztiz erorita gelditu dira. Kable horietako batek, astoaren txabolaren parean dagoen intxaurrondora loturik dagoelako ez duelarik ukitzen lurra. Beraz, herritar, turista eta auzokide ororen segurtasunerako horren berriztatze edo konpontze lan bat ere eskatzen dugu.

Beraz, auzokideok hiru bide ikusten ditugu:

  1. Auzo izaera mantentzea eta beraz, Ardantza bide izateari uztea bizi osoan zehar izan den bezala Ardantza izaten jarraitzeko.
  2. Ardantza bideko bizilagun izaten jarraitzea baina, gainontzekoen eskubide berdinak izatea. Hots, egoiliarren txartela eskuratzeko inolako zailtasunik ez izatea.
  3. Eskubide berdintasunaren hariari tiraka jarraituz:
    1.  Gutunak etxera iristea
    2.  Ingurua txukun bermatzeko beharrezko tresneria izatea (zakarrontziak etab.)
    3. Argi indarren kableak behar duten tokitik igarotzea.
    4. Landako herri bideak garbi mantentzea (sasiak etab. kenduz).

Besterik gabe jaramon egingo diguzuelakoan,

Erantzun baten zain,

ARDANTZA AUZOKO BIZILAGUNAK