"Heroiak zarete bortizkeriari aurre egin izanagatik"

Baleike 2017ko ots. 12a, 20:42

1937ko otsailaren 13an kanporatuak izan ziren 252 herritarrei omenaldi hunkigarria egin die Zumaiako herriak gaur eguerdian. Oraindik bizirik daudenak eta kanporatuak izan ziren 58 familietako senideak bildu dira Bego Blancok egindako monolitoaren aurrean, zumaiar guztiekin egun lazgarri hura gogoratzeko; eta, kale antzerki batean bidez, egun hartako oroitzapenak biziberritzeko aukera izan dute. Oier Korta alkateak heroitzak jo ditu, eta Markel Olano diputatu nagusiak gaur egungo gerrek kanporatutakoak ere aintzat hartzeko deia egin du. Errefuxiatuen aldeko taldeak eta Erkibe kultur elkarteak antolatutako antzerkian ere halaxe egin dute, duela 80 urteko kanporatuen eta gaur egungo etorkinen arteko besarkadarekin.

Duela 80 urteko kanporatzea gogoratzeko Zuloaga plazan jarri den eskulturaren inguruan egin da oroimenezko ekitaldia. Kanporatuak izan zirenen artean bizirik daudenei oroigarri bana eman die Markel Olano diputatu nagusiak, eta aurreskua ere dantzatu die Jone Osak. Oier Korta alkateak hartu du hitza, kanporatuak izan zirenen jarrera eta kemena goraipatzeko. "Heroiak zarete bortizkeriari eta oinazeari aurre egitagatik, heroiak bidegabekeria hartatik bizirik ateratzeagatik, eta heroiak inoiz amore eman ez izanagatik".

Markel Olanok ere kanporatuak izan zirenen eta haien senideen baloreak azpimarratu ditu: "Zuen senideek Euskal Herria eta demokrazia defenditzen ari zirelako izan zineten kanporatuak". Gipuzkoan 750 herritar izan ziren kanporatuak. Zumaiarrak gehienak (252), baina bidegabekeria berbera sufritu zuten Donostian, Azkoitian, Azpeitian, Besainen, Deban, Getarian, Zarautzen, Lazkaon, Mendaron, Mutrikun eta Elgoibarren. Herri horietako alkateak eta udal ordezkariak etorri dira gaurko ekitaldira.

Bego Blancoren marrazkiarekin batera eskulturan irakur daitezkeen bertsoak kantatu ditu Jexux Iribar Olalde egileak, sentimendu handiz, egin ohi duen bezala [bideoaren amaiera entzun ditzakezue bertsoak]. Eta Beheko Plazako abesbatzak Agur Jesusen ama abestu du, duela 80 urte kanporatuek egin zuten bezala. 

Antzerkian, kanporatuak eta etorkinak

Iraganak eta orainak bat egin dute Erkibe Kultur Elkarteak eta Errefuxiatuen Harrera Taldeak antolatutako kale antzerkian. Kanporaketa antzeztu dute, garaiko jantziekin, baina mezu itxaropentsua luzatu nahi izan dute amaieran, kanporatuek eta gaur egungo etorkinek bat egin dutenean. Malkoak ere ikusi dira une horretan. Errefuxiatuen Aldeko Taldearen mezu honekin amaitu da ekitaldia: "Oraindik guregana errefuxiaturik iritsi ez bada ere, baditugu gure artean bizitza hobe baten bila, beren herriak utzita etorri diren etorkinak, errefuxiatu ekonomikoak. Beraien eskertu nahi diegu parte hartzea, eta gure artean eroso senti daitezela nahi dugu".

Erlazionatuak

BIDEOA: Oraindik da atzo

Baleike 2017 ots 12 Zumaia