'Oraindik da atzo' ekimena abian da erakusketa irekierarekin eta Aita Mariko ekitaldiarekin

Baleike 2017ko ots. 11a, 09:18

Orain 80 urte, 1937ko otsailean Zumaian gertatutako kanporaketak gogoratzeko eta, bide batez, Europako ateetan, gerretatik eta pobreziatik ihesi dabiltzan errefuxiatuak pairatzen ari diren tragedia salatzeko, Erkibe Kultur Elkarteak eta Zumaiako Errefuxiatuen Harrera Taldeak Oraindik, Udalarekin elkarlanean, Oraindik da atzo izeneko ekimena antolatu dute. Erakusketa irekiera eta ekitaldia egin ziren atzo.

Hogarreko Beheko Plaza jatetxean zabaldu da argazki erakusketa. 1937ko kanporaketetako eta errefuxiatuen exodoko argazkiak bildu dituzte bertan. Bi maniki ere falangisten eta requeteen uniformeekin jantzi dituzte. 1937ko kanporaketak bizi izan zituzten zenbait zumaiar hurreratu ziren irekierara.

Jarraian, Aita Mari zinean, ekitaldi xume bezain hunkigarria egin zen. Antzerkia, dantza eta musikaren bitartez, Gerra Zibileko une latz haietan gertatutakoa gogoratu zen, Erkibeko kide Joseba Esnalek esan bezala, "ez ahazteko". Mezua garbi heldu zela agerian utzi zuten bertaratutakoen malkoek.