Aldaketa txikiak egingo dira herri lasterketako zirkuituan paolaldeko obrak direla eta

Baleike 2017ko ots. 10a, 12:07

Portu sarrerako barran egiten ari diren lanak izango dute bere eragin txikia hilaren 18an korrituko den herri lasterketan. Talaipe aurrea itxita dagoenez, ezingo dute korrikalariek bertatik pasa.

Julio Beobide ibiltokitik Juan Belmonte kalerako bidea Bidasoa kaletik emango dute korrikalariek. Aldaketa hau lasterketako itzuli luzean emango da. Hori dela-eta, aldaketa honengatik, itzuli luzea ohikoa dena baino 100 metro laburragoa da. Alde hori itzuli laburrean beteko; itzuli laburra 200 metro luzeagoa izango da.

Lasterketa laburrean itzuli txikiari eta luzeari buelta bana emango dizkiote; lasterketa luzean, aldiz, itzuli laburrari buelta bat eta luzeari bi buelta. Lasterketa luzearen 10.200 metroak errespetatuko dira; aldaketak medio, ordea, lasterketa laburra 100 metro luzeago izango da: 5.600 metrotik 5.700 metrora.

Lasterketa handia 17:00etan hasiko da. Aurretik, 15:45etik aurrera, haur eta gaztetxoen lasterketak jokatuko dira. Karrera handietarako izen-emateak zabalik daude hemen.