1937ko kanporatuak gogoratuko dituen Oroimenaren gunea inauguratuko da igandean

Baleike 2017ko ots. 9a, 18:26

1937ko otsailaren 13a ez du inoiz ahaztuko Zumaiak. Jada 80 urte pasa diren arren, egun hura bizi zutenek atzo gertatu balitz bezala gogoratzen dute neguko goiz euritsu hartan bizitakoa. Izan ere, hura izan zen 252 zumaiar etxeetatik atera eta errukirik gabe, Zumaiatik kanporatuak izan ziren eguna. Zubitxikian bildu eta kamioi eta autobusetan banatuta, ondasun apur batzuk besterik ez zituztela soinean, gogoz kontra atera zituzten guztiak herritik.

Datorren astean  80 urte beteko dira tropa frankistak Zumaian sartu eta herritarrak gogor zigortu eta kanporatu zituztenetik. Horren harira, omenaldi ekitaldia eskainiko zaie datorren igandean.  

Ekitaldia goizeko 12:30ean izango da Zuloaga parkean, non, Oroimenaren gunea deituriko eremu berria kokatu duen Udalak. Bertan, kanporatuak izan ziren guztien omenez egindako burdinazko murala inauguratuko da. Trenbidearen errailak irudikatzen irudikatuaz, kanporatuek ihes egiteko erabili zituzten bide haiei erreferentzia egingo zaie.  

Omenaldira gonbidatuta daude kanporatuak izan ziren 58 familietako kideak, baita kanporaketak jasan zituzten hamaika udalerrietako ordezkariak; Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Deba, Donostia, Getaria, Lazkao, Mendaro, Mutriku, Zarautz eta Zestoako udal ordezkariak, hain zuzen.  Halaber, bertan izango dira Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Markel Olano, Zumaiako alkatea, Oier Korta, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendari Nagusia, Maribel Vaquero, Gogora Institutuko zuzendaria, Aintzane Ezenarro eta Aranzadi Zientzia elkarteko ordezkariak.  

Ekitaldian, kanporatuei eskainitako murala inauguratzeaz gain, aurreskua dantzatuko zaie omenaldiko protagonistei eta ondoren hitza hartuko dute Zumaiako alkateak eta Ahaldun Nagusiak. Ekitaldiarekin amaitzeko, Beheko Plaza abesbatzak kanporatuek Zumaia utzi zutenean abestu zuten kantu bera abestuko dute, Agur Jesusen ama, alegia.

Oraindik da atzo

Horrez gain, duela 80 urteko gertakari horiek oinarri hartuta, Oraindik da atzo programaren lemapean, astebururako beste hainbat ekintza antolatu ditu Erkibe Kultur elkarteak eta Zumaiako Errefuxiatuen Harrera Taldeak Udalarekin elkarlanean, hala nola antzerkiak edo argazki erakusketa Beheko Plaza tabernan. Erakusketa hau 18:30ean zabalduko da igandera arte ikusgai izango da.

Erlazionatuak

Oraindik da atzo

Baleike 2017 ots 06 Zumaia