Dardararen V. urteurrena jaialdi berezi batekin ospatuko da larunbatean

Baleike 2017ko ots. 7a, 15:30
Dardarako partaideetako batzuk: Iker Barbero (Sargo), Unai Eizagirre eta Ion Brakamonte (Voltaia).

Urteurren jaia 20:00etan hasiko da Torreberri kanpoan, eta goizaldeko 01:30ak arte luzatuko da. Lau talde izango dira guztira: Los Brown eta The Grace of Dionysus zumaiarrak, Kerman talde madrildarra eta Grises zestoarra.

Dardara Musika Kolektiboko partaideak gustura agertu dira urteurren festarako Imanol Sesmak egin duen kartelarekin. «Polita egin dik bai, eta larunbatean etorriko diren taldeei ere gustatu zaiek» aipatu dute elkarrizketa hasieran.

Udaran ospatzen dute Dardara Fest ezaguna Zumaiako Musika Kolektiboak, baina aurten V. urteurrena ospatzen dutenez, ekitaldi berezi bat antolatzea pentsatu dute. Ekimen hori larunbatean gauzatuko da kontzertu sorta moduan eta ilusioz prestatu dute zita.

Unai Eizagirre eta Ion Brakamonte dira bost urte hauetan hasieratik kolektiboan parte hartu duten pertsonetako bi. «Kolektiboaren helburua beti izan da musika bultzatzea, kultura musikala hedatzea eta batez ere gure herrian rock giroa ez hiltzea» esan du Eizagirrek.

Hala, urteurrena aitzaki bezala hartuta, neguan ere zerbait egiteko asmoarekin sortu da jaialdi berezi honen ideia. «Otsailean inauteriak arte behinik behin, ez da gauza askorik egoten herrian eta kultura teknikariarekin hitz egin genuen. Data ona iruditu zitzaion. Kolektiboko partaideekin ere hitz egin genuen, eta prestaketekin hasi ginen» adierazi du Brakamontek.

Estilo anitzetako taldeak

Jaialdia 20:00etan hasiko da, eta gehienez 01:30ean bukatuko da. Guztira lau talde taularatuko dira: Los Brown, The Grace of Dionysus, Kerman eta Grises. Lehengo bi taldeak zumaiarrak dira, eta jotzen ere lehenengoak izango dira. «Gure helburua beti izan da herriko taldeei jotzeko aukera ematea. Horregatik, gonbidapena luzatzen diegu eta jo nahi duenak hor izaten du aukera» esan du Eizagirrek.

Talde zumaiar hauen estiloa rock bezala definitu daiteke, baina kolektiboaren helburua ez da soilik musika estilo honetara mugatzea. «Dardararen lehenengo bi urteetan agian gure gustuetan gehiago zentratu ginen, eta horrek gure gustuko taldeak ekartzea suposatu zuen. Baina ideiaz aldatu genuen. Pentsatu genuen festibalak irekiagoa izan behar zuela, eta edozein musikazaleri zuzendua. Hala, duela hiru urtetik hona estilo ezberdinetako musikariak ekartzen ditugu» kontatu du Brakamontek.

Horren adibide dira Kerman eta Grises taldea. Lehenengoek ska estiloa dute oinarri, eta bigarrenek berriz indie-a. «Kerman taldea madrildarra da, eta Grises berriz zestoarra. Espero dugu inguruko herrietako jende dexente etortzea. Gainera bi taldeek lehenengo aldiz joko dute gure herrian» esan du Eizagirrek.

Balorazio positiboa

Dardara Musika Kolektiboak urte hauetako balorazio oso positiboa egin du. Abuztuan egiten duten Dardara Fest jaialdiaz gain, hainbat ekimen garatu dituzte urte guzti hauetan.

«Egia esan ez gara geldirik egon eta hainbat ekintza antolatu ditugu: perkusio tailerrak, kontzertuak, bilerak... Batukada talde bat ere sortu genuen. Eta guzti honekin batera entsegu lokalen gestioa ere guk eramaten dugu» adierazi du Brakamontek.

«Grabatzen ikasteko klaseak ere eman izan ditugu. Azken aldian ez dugu klaserik eman, baina taldeak joaten dira grabatzera. Egia esan mugimendua badago» gaineratu du Eizagirrek.

Urte guzti hauetako lanak bere fruitua eman du, eta pixkanaka bada ere, ezaguna egin da Dardara Fest. Esaterako hainbat taldek bertan parte hartzeko eskatuz idatzi izan diete. «Alde horretatik oso gustura gaude» esan du Eizagirrek.

Denera 60 bat pertsonek osatzen dute kolektiboa baina kontzertuen antolakuntzan eta abar gutxiago ibiltzen dira. «Jaialdia amaitu ondoren, eta beste egun batean, sagardotegira joateko asmoa dugu lanean ibili direnei eskerrak emateko asmoz. Pizgarri bat da, ea horrela hurrengo ekitaldietarako jende gehiago animatzen dugun lanerako. Gainera, belaunaldi berriek ardura gehiago hartzea nahi dugu» amaitu dute.

Erlazionatuak