Martin Amilibia Euskadiko kros selekzioaren atarian geratu da

Zumaiako Triatloi Taldea 2017ko ots. 7a, 14:48

Kroseko egutegian, egun seinalaturik bada, hori Euskadiko txapelketako eguna da. Naziorteko krosak jokatzen direnean, punta-puntako euskal kirolari askok parte hartzeari uko egiten diote, eliteko kirolarien eskutik jasotzen duten astindua handiegia delako. Baina Euskadiko txapelketa denek dute begiz jota eta batez ere euskal talde eta kirolari indartsuenek.

Egun honetan erabakitzen da Euskadiko Txapela norentzat izango den, zer hiru talde joango diren Espainiako taldekako txapelketara eta zein bederatzi kirolarik defendatuko duten Euskadiko Federazioa, Autonomien arteko borrokan. 

Aurten Sopuertan (Bizkaia) jokatu da txapelketa eta etxean geratzeko moduko giroa eta beldurtzeko ibilbidea izan zuten korrikalariek, gogorra zentzu guztietan.

Lasterketa buruan Oubaddi, Ivan Fernandez eta Bouziane nabarmendu ziren. Hirugarren hau lehiatik kanpo geratu zen, erorketa baten ondorioz. Atzetik dozena bat kirolari ilara batean, bakoitza bere bidea egin nahian ezin gogorragoa zen ibilbide batean. Hauen arten zen Martin Amilibia eta agerian utzi zuen arriskatzera irten zela hasiera hasieratik. Ez zen bere korritzeko era naturala; agian taldeka sailkatzeko zuen presioak bultzatuta egin zuen edo nork daki.

Garbi zegoen izen handi horien artetik laister atzera geratuko zela Amilibia, baina geratzen hasi zirenak ingurukoak izan ziren. Eutsi eta eutsi, zumaiarra aurreneko hamarren artean geratu zen. Emaitza ikusgarria, inongo zalantzarik gabe.

Hala ere, Alberto Revuelta lagun eta taldekideak gogoratu dio, Euskal Selekzioan sartzeko postu bakar batera geratu dela. Zumaiarrak aurpegian ageri du ordea, amets batetik lau segundotara geratzea, amets bat betetzea dela.

Denboraldiko seigarren krosean parte hartuko du Amilibiak datorren astean. Euskadiko kros motzeko txapelketa izango da Berrizen (Bizkaia).

Baina otsailak 26an Alacanten, Marina D'or-en jokatuko den kluben arteko Espainiako txapelketa izango du hurrengo zita garrantzitsua. Aloña Mendi K.E.-ko kideekin hartuko du parte Amilibiak.

Hanketako bizitasuna itzaltzen hasia izango da dagoeneko, baina emaitza ona lortzeak ematen duen inertziari eutsiz, seguru gaude, denboraldi amaiera duina egingo duela Zumaiarrak.