Lucia Lacarra: "Orain askatasuna dugu erabakitzeko zer egin, nora joan edo norekin lan egin nahi dugun"

Baleike 2017ko ots. 6a, 17:23
Aurkezpeneko une bat. Argazkia: Guggenheim Bilbao

Lucia Lacarra eta bere senar Marlon Dino dantzariek The Key izeneko laburmetraia aurkeztu zuten pasa den larunbatean Bilboko Guggenheim museoan. Gaur goizean elkarrizketatu dugu Lucia eta pelikula honez eta etorkizunera begira dituzten proiektuen inguruan hitz egin digu. 

The key laburmetraia aurkeztu zenuen larunbatean Guggenheimen. Nola joan zen?

Oso polita izan zen. Lehenbizi pelikula erakutsi zen eta gero agerlekura igo ginen Oscar Andres filmaren zuzendaria, Ken Zazpi taldeko bi musikari, Marlon Dino eta biok eta Jon Ugarriza koreografoa eta pelikularen ekoizlea. Prozesua nola izan zen azaldu genuen, nola elkartu ginen eta nola izan elkarrekin zen lan egitea. Amaieran jendeari aukera eman genion galderak edota komentarioak egiteko. Guretzako sorpresa handia izan zen, ez geneukan eta laburmetraia ikusita. Errodatzen ari ginenean zati txikiak ikusten genituen, baina behin muntatuta ez, eta oso ederra izan zen. 

Zine munduan aktore askok esaten dute ez zaiela beraien burua pantailan ikustea gustatzen. Zuri hala gertatu al zaizu?

Bakoitza bere lanarekin kritikoa da. Baina hau, aktorea izatea, ez da nire lana izan. Bideoan nire emanaldi bat ikusten badut, kritikoa naiz. Zenbait gauza hobetu ditzakedala pentsa dezaket. Hasieran pentsatzen nuen pantaila handian ikusita arraro sentituko nintzela, ez nintzela identifikatuko, baina ez, ez zitzaidan arraroa egin. Oso ondo pasa nuen lan hau egiten. Beti diot dantza egiten dudanean pertsonaia baten azalean sartzen naizela. Momentu horretan aktore baten azalean sartu nintzen.

Dantzan aktuazioak badu bere tartea, baina hemen, bereziki, aktore lanak egin behar izan dituzu.

Beti gustatu zait, gainera. Beti esan dut dantzaren barruan gehien gustatzen zaidana aktuazioa dela. Paper bat egitea eta ez bakarrik gorputzarekin dantza egitea. Filmaketarako bi gau izan genituen. Lehen gauean aktuatu egin genuen, dantza egin gabe. Izugarri ondo pasa genuen. Gu ohituta gaude gure gorputzarekin lana egitera. Mila aldiz joan behar badugu eskaileran gora eta behera ez zaigu inporta. Baina hau desberdina zen. Kamera bati begira lan egitera ez gaude ohituta. Gero, planoak oso laburrak ziren eta pila batean errepikatzen ziren. Ni lasai nengoen, ez zelako dena lehen hartualdi batean egin behar. Lehenengoan dena ondo ateratzen bazen ere, berriro errepikatu behar zen, kamerarentzako, argia aldatu behar zelako, etab. Dantza egiten dugunean estres handiagoa izaten dugu dena zuzenean egiten dugulako. Aurretik lan pila bat egiten duzu eta azken unean lurra irristakorra badago, kalean egiten bada haize handia badago edo argiak indartsuegiak badira ere, aukera bakarra duzu. Horregatik, ikusi nuen zinema egiterakoan ez zegoelako halako urduritasunik.

Bigarrengo gaua oso luzea eta zaila izan zen. Arratsaldeko 3retan hasi ginen eta goizeko 8ak arte egon ginen lanean. Hau errodatzea kamerarentzako askoz ere zailagoa izan zen. Asko mugitzen gara, altxatzen nauenean oso gora joaten naiz... Beraientzat oso zaila izan zen eta guretzako ere bai. Guk gure zatia ondo prestatuta genuen, baina, dantzako zatiak lau minutuko iraupena bazuen, 20 segundoko zati txikitan banatzen zen eta 50 aldiz errepikatu behar izan zen. Oso luzea izan zen, nekagarria, eta askotan hatz puntetan tente egon behar izan nuen. Hor esaten genien bezperakoa askoz hobea izan zela!

Lehen aldia da kamera baten aurrean jartzen zarela. Nola sartu zinen proiektu honetan?

Jon Ugarrizari esker heldu zait aukera. Urte asko da ezagutzen garela eta aurrez elkarrekin lan egin dugu. Behin, Euskaldunan, Izena duena, izana du dantza saioa egin genuen. Euskal mitologiari buruzkoa zen, Ken Zazpiren musikarekin, euskal dantzekin, Laboa, etab. Oso ederra izan zen. Jonek egin zuen koreografia. Pelikularena bere ideia izan zen, berak landatu zuen hazia. Bagenuen zerbait desberdina egiteko gogoa, dantza, zinema, euskal musika nahastuko zuena, bertako jendearekin. Halako ezer ez da hemen inoiz egin. Proiektu bat baino, amets bat zen. Amets hori forma hartzen joan zen eta orain bi urte hasi ziren idazten eta harremanak estutzen. Pentsatzen dut parte hartu dugun guztiok maitasun pila batekin egin dugula lan hau. Hasieratik esan nien nirekin kontatzeko eta jende guztiak hala egin du. Denok genuen gogoa zerbait berezia eta desberdina egiteko gogoa

Esan duzun bezala, lehen aldia da halako zerbait egiten dena hemen.

Nire ustez garrantzitsua da gauzak nahastea. Jende askok pentsatzen du balletean, dantza klasikoan, Txaikovskiren musika dantzatu behar duzula, edo Chopinena. Nik beti erakutsi nahi izan dut edozer musika dantzatu daitekeela. Musika sentitzen baduzu eta inspiratzen bazaitu, hori dantzatu dezakezu. Eta zergatik ez hatz puntetan? Eta zergatik ez dantza klasiko edo neoklasiko batekin? Esperientzia badut. Roland Petitekin egon nintzenean Pink Floydekin dantzatu nuen, Duke Ellingtonen jazzarekin dantzatu nuen. Gainera, jende batek dantzaren inguruan dituzten aurreiritziak hausten dira horrela. Pink Floyd edo Duke Ellington edo Ken Zazpi jarrita, agian, jende gazteagoa joango zen antzokietara.

Barrerak haustea diozu.

Hori da. Jende askok pentsatzen du dantza elite batentzako dela. Eta hori gezurra da. Halako zerbaitekin, Ken Zazpiren Ilargiarekin, ikusten duzu polita geratzen dela dantza egitea. Euskal Herrian talentu asko dugu eta nahastu dezakegu. Gure euskal dantzak izugarri ederrak dira, baina beste gauza asko ere egin ditzakegu.

Zine munduan jarraitzeko asmorik ba al duzu?

Norbaitek deitzen badit, bai! Esan dizudan bezala, oso ondo pasa nuen. En nuen urduritasunik sentitu. Batzuetan arraina uretatik kanpo bezala sentitzen zara, baina hemen ez nintzen hala sentitu. Jende oso jatorra genuen. Agian beste jende batekin esperientzia beste modu batekoa izango da. Pelikula handi batean presioa handiagoa izango da. Baina hemen esperientzia oso ona bizi izan nuen eta gonbidatzen banaute, noski, baietz izango dut.

Zer bide izango du orain laburmetraia honek?

Zine jaialdi guztietara eraman nahi dute orain. Barrez genion helburua Oscarretara heltzea zela! Lan polita geratu da eta harro gaude. 

Municheko dantzari nagusia izatea utzi zenuen. Orain zer proiektu dituzu?

Munichen gauzak asko aldatu ziren. Zuzendari berria etorri zen eta harekin asko hitz egin eta gero konturatu ginen aldaketa ez zela ona. Atzeraka egitea bezala zen. Zuzendaria errusiarra da eta ideiak pixka bat antzinakoak ditu. Orain proiektu desberdinak ditugu. Dortmundeko balleteko gonbidatu permanenteak gara; Russell Maliphant koreografo ingelesaren konpainian ere dantzatzen ari naiz eta baita Victor Ullateren konpainiarekin ere. Urtero hiru produkzio desberdin ditugu konpainia bakoitzean. Eta gero pila bat bidaia eta gala. Gauza interesgarriak egiteko aukera ematen dizu horrek. Konpainia bakarrean egongo banitz, egun baterako edo birako joatea izango nuke. Baina, sorkuntza bat egiteko Dortmunden edo proiektu handi bat Ingalaterran, ez nuke denborarik izango. Orain askatasuna dugu erabakitzeko zer egin, nora joan edo norekin lan egin nahi dugun. Horrek preziorik ez du.