'Desoxirribonukleiko' antzezlanaren euskarazko bertsioa estreinatuko dute bihar Zumaian

Baleike 2017ko ots. 2a, 09:55

Zumaiako antzerki denboraldiaren baitan, bihar, 22:00etatik aurrera, Desoxirribonukleiko izeneko "komedia zientifiko musikala" izango da Aita Mari zinean. Euskarazko bertsioaren estreinaldia izango da, gainera, geurean ikusi ahal izango dena. Sarrerak salgai daude turismo bulegoan, 9 euroan; 6 euroan Gazte Txartelarekin.

Eloi Beatok eta Galder Perezek zuzendutako lana da hau. Susana Soleto, Martxelo Rubio, Ugaitz Alegria, Ylenia Baglietto eta Leire Ucha aktoreak izango dira agertokian. 

Desoxirribonukleiko genetika-laborategi batean gertatzen den komedia zientifiko musikala da. Sekretupean, euskal genoma ikertzen ari dira bertan. ADN eraldaketaren bitartez, Beñarda Etxepare sortu berri dute, lehen euskal super emakumea. 

Ezkutuko proiektua primeran doanean, kazetari misteriotsu baten bisitak hankaz gora jarriko ditu ikerketa bera eta baita zientzialarien arteko harremanak ere. 

Bizitzarako ikerketa-lekua den honetan, zalantzan jarriko dira morala, pasioaren jatorria eta kode edo molekulez ulertzen ez duten jelosia zein bekaizkeria. Nahaste-borraste korapilotsuen ondorioz, egia eta gezurraren arteko muga desagertuko da.

Komedia honek umorez jorratuko du zientzia eta kantuz taularatuko ditu giza harremanak. Esketx bidez, zientzia-alorrak parodiatuko dira eta, antzerki musikalaren bidez, klonatutako persona, mediku, zientzialari eta beste zenbait gezurtiren arteko harreman eta gaizkiulertzeak garatuko dira. 

Zientziak eta maitasunak ondorioztatuko dute ezer eta inor ez dela benetan dirudien hori. Baina zalantza nagusia argitzeke geratuko da betiko: posible ote da euskal pasioa eta harremanak genetikoki eraldatzea?