Harrobirako erremintak zorroztu ditu Telmo Deun Arraun Elkarteak

Baleike 2017ko ots. 1a, 17:08

20 urte dituzte bi batel konpondu eta txukundu ditu Elgoibarko Meka Lanbide Eskolarekin lankidetzan. Udaberrian beste ontziren bat berritzera eramateko asmoa du klubak.

Zazpi metroko luzera eta 70 kiloko pisua dute gazte hauek eskutan izaten dituzten erremintek. Batelak dira harrobiko gazteek arraun munduan hasteko erabiltzen dituzten erremintak. Eta edozein erreminta bezala, hauek ere egoera onean mantendu behar dira emaitza onak izateko.  Garbiak, txukunak, zorrotzak. Urteak aurrera joan ahala tresna onenek ere zaharberritzea behar dutenaren jakitun, Telmo Deun arraun elkarteko zuzendaritzak erdoila kendu eta aurpegia garbitu die  zenbait ontziei berriro uretan jarri aurretik. Elgoibarko ikastetxe batekin lankidetzan egin dira berritze lanak.

Erreminta hitza erabili du Zumaiako arraun elkartearen harrobiarekin lan egiten duen Felix Aizpuruak batelez hitz egiterakoan. “Harrobia lantzeko erabiltzen diren erremintak dira batelak. 12-13 urterekin ontzi hauekin hasten dira arraunean, ofizialki behintzat”.

Harrobia lantzeak duen garrantziaren jakitun eta Zumaiako flotako batel gehienek nerabezaroa aspaldi pasata zutela ohartuta, bi ontzi berri erosi zituen iaz Telmo Deun arraun elkarteak. Zaharrak, berriz, tailerrera eraman ditu txukuntzera. “Aurten bi batel eraman dira, Zumea eta Aitona. Karbono-zuntzezkoak, bakoitzak 20 urte baditu”.

Garbitze eta konpontze lanak Elgoibarko Meka Lanbide Eskolan egin dituzte bertako ikasleek. “Hala, ikasteko modua ere izan dute gazte hauek”, nabarmendu du Aizpuruak.

Zumaian arraunlari izandako Joxe Mari Beristaini esker egin dituzte lan hauek ikastetxe honetan. “Mekan egiten du lan. Orain bi urte, 2015ean, traineru bat eraman genuen bertara. Zumaiara ekarri zen fibrazko lehen trainerua izan zen eta entrenatzeko erabiltzen zuten. Lanen ondoren, polita bakarrik ez, arinagoa ere geratu zen. Egurrezkoak hainbeste ez, baina zuntzezkoak ere uhanditu egiten dira. Gero, urteekin, hainbat pegatina  eta pintura arrasto ere izaten dituzte. Horrez gain, kolpeak ere jasotzen dituzte, ibaiko enborren kontra jota-eta. Hori ezin da ekidin”. Berritutako trainerua iaz B ontziak erabili zuela gaineratu du.

Errepaso beharra

Batelak lijatu, garbitu eta berriro gorri kolorez margotu dira. “Zenbait pitzadura ere bazituzten eta karbono-zuntzarekin konpondu dira”. Orain egun gutxi jaso ditu klubak batelak bueltan eta dagoeneko uretan dira berriro. Udaberrian, agian, beste ontziren bat eramango dutela adierazi du Felixek. “Oraingoz batelak eramango ditugu, nahiz eta beste ontziek,  behar duten errepasoa”.

Gustura dago Felix Aizpurua emaitzarekin. “Harrobia lantzeko erremintak baldintza onean egotea lortu dugu honela”.