Dantzarako deia egin dute Astinduk eta Musika Bandak

Baleike 2017ko urt. 31a, 16:54
Astinduko kide Lide Aizpurua eta Ane Azkue

Bi talde hauen kolaborazioarekin amaituko da aurtengo Maiatza Dantzan. Gaur egungo abesti ezagunen gainean egingo dute dantza. 16 urtetik gorako gazteak erakarri nahi dituzte.

Azken urteotan bezala, dantzarekin lotutako zenbait ekitaldi eta ikuskizun ekarriko ditu Astindu Dantza Taldeak maiatzean Zumaiara. Aurtengo Maiatza Dantzanerako badituzte ideiak, oraindik ere erabat lotu gabe badaude ere. Ziur dutena amaierako ikuskizuna zein izango den da: Astindu berak eta Zumaiako Udal Musika Bandak (ZUMB) elkarlanean muntatutako ikuskizuna, hain zuzen ere. Maiatzaren 27an egingo da saio koloretsu hau, Ondartxo plazan.

“Bi urtean behin egiten dugu proiektu handi bat. Orain bi urte Musikalak ikuskizuna egin genuen, Grease, Mamma mia eta halakoekin”, adierazi dute Astindu dantza taldeko kide Ane Azkuek eta Lide Aizpuruak. Aurtengo proiektua zehazteko egindako bileretan Bollywood edo Riverdance bezalako ideiak atera zirela aipatu dute, “baina, ez genuen dagoeneko ukitutako zerbait egin nahi. Adibidez, Bollywood Getarian egin izan da eta orain gutxi, Nava Jeevan elkarteak antolatuta, Kofradian ere egin zen”.

Gaur egun irrati bidez entzuten diren abestiak izango dira ikuskizun honen bizkarrezurra: Bruno Mars, Coldplay, Pharrell Williams, eta abar luze bat. Hori bai, Bandaren iragazkitik pasako dira modako abesti hauek. “Aita Mariren omenezko egunean ikusi genuen zer kontzertu eman zuten. Indartsua izan zen. Estilo horretatik joango da ikuskizuna. Kanta batzuk errepikatuko dira, baina beste batzuk berriak izango dira”.

Orain bi urte ere ZUMBekin batera egin zuten dantza ikuskizuna. Emaitza ez zen, ordea, oso positiboa izan. Aita Mari eguneko kontzertu hark eraman ditu biak berriro kolaboratzera “[Bandako zuzendari] Joxe Mari Azkuerekin bildu ginen eta esan genion bi aukera genituela: bat, Korrontzi taldearekin egitea edo, bi, Bandarekin. Esan genion ez genuela betikoa nahi, kaña nahi genuela. Berak esan zigun kaña nahiko bagenu,hori izango genuela”.

Koreografiak sortzeko Donostiako neska bat kontratatu dute: Amaia Bernal. “Celine Illarramendi ordezkatzen egon da eta funky, jazz eta latino estiloak kontrolatzen ditu. Abestiak pasa dizkiogu eta ari da dagoeneko koreografiak prestatzen. Ideia mordoa ditu eta gogo askorekin dago. Edozeinek egiteko moduko koreografia errazak izan behar dute eta bisualki erakargarriak. Musika berak ere hori eskatzen du “.

Gazteak erakarri

Hurrengo pausoa ikuskizunean dantza egiteko jendea erakartzea da. 16 urtetik gorako neska-mutilei dei egin die, bereziki mutilei, “taldean bi besterik ez ditugu eta”. “Denek hartu ahal izango dute parte, inoiz dantza egin ez dutenek ere bai”.

Entseguak astean bitan izango dira: asteazkenetan 19:30etik 21:00etara eta ostiraletan 19:00etatik 21:00etara. Zalantzan egon eta froga egin nahi dutenentzat ere hiru saio izango dira otsailaren 3an, 8an eta 10ean, Torreberrin.

Izenak otsailaren 10era bitartean eman daitezke Alondegia kultur etxean (10:00etatik 13:00etara) edo kulturetxea@zumaia.eus edo astindu.zde@gmail.com helbide elektronikoetara idatzita. “Ea aukeratutako musika honekin gazteak erakartzen ditugun”.