Bizitzako xehetasunei ateak zabaltzen dizkien erakusketa zabaldu da Oxforden

Baleike 2017ko urt. 30a, 17:44

Edgar Rodas guatemalarrak arkitektura du lanbidea eta argazkigintza zaletasuna. Nahita edo nahi gabe, biak uztartzen ditu bere argazkietan, egun hauetan Alondegiko Oxford aretoan zabaldutako erakusketan ikus daitekeen bezala. Eraikinak, galeriak, kaleak eta ateak dira presente. Ate asko, bakoitza bere xehetasun propioarekin.

“Beti agertzen dira ateak nire argazkietan. Beti jartzen dut arreta hauen xehetasunetan, koloreetan. Batzuk pintura altxata dute, besteek amaraunak dituzte... Asko gustatzen zaizkit”, zioen argazkilariak zabaltze ekitaldian. Euskal Herrian igarotako denboran ere ateen argazkiak jasotzen jarraitu duela onartu digu.

Ateak jota lortu du Rodasek Zumaian bere lanak erakustea. “Orain bi urte etorri nintzen Euskal Herriko Unibertsitatera arkitekturako master bat egitera. Donostia 2016 egitasmoa zegoen eta nire lanak erakusteko ate joka hasi nintzen. Ezagun batzuei esker Zumaian erakusketa hau izatea lortu dut”.

Orain hiru urtetik hona egindako lanak zintzilikatu ditu Oxfordeko hormetan. “Guatemalako batzuekin hasten naiz eta hor sartzen ditut lehen ateak. Ateak arkitekturako parte direnez, eraikinak eta beste azpiegitura batzuekin jarraitzen dut miszelanea batekin bukatzeko”. “Bildumari izena ematerakoan Mi alma grita así (Nire arimak hala egiten du oihu) aukeratu nuen, nire arimak bizitza oihukatzen duelako. Bizitza aurrez aurre dugu, aurrera egiten dugu, baina ez gara xehetasunez ohartzen”.

Xehetasun horiek dira argazki hauetan antzematen direnak. Ia pertsonen presentziarik ez dago lan hauetan. “Interneteko nire orrian pertsonen bilduma bat dut, eta asko gustatzen zait, baina erakusketa honetan bizitzan aurki daitezkeen xehetasunak jaso nahi nituen: kolore biziko hegaztiak, txileak, eraikinak, oihalak, erdoiltzen ari diren azpiegiturak... Hasiera batean pertsona gehiago zeuden, baina kendu egin nituen”. Hurrengo proiektuan, bai, pertsonak izango direla nabarmendu zuen. “Zazpi bekatu kapitalen inguruan izango da eta hor, bai, pertsonak erabiliko ditut”.

Erakusketa otsailaren 12ra bitartean bisitatu daiteke Oxford aretoan, egunero 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan eguerdian ere bai, 12:00etatik 14:00etara.