"Zumaiarrak errefuxiatuak izan gara; nola itxiko dizkiegu ateak?"

Baleike 2017ko urt. 30a, 17:04

Indarkeriaren aurkako eta bakearen aldeko Nazioarteko eskola eguna gogoratu dute gaur Maria eta Jose ikastetxeko ikasle eta irakasleek. Guztira, 500 bat lagunek hartu dute parte ikastetxea eta Gernika parkea bitartean egin den ekitaldian. 

Maria eta Joseko familia kalejiran atera da ikastetxetik. Haur talde batek Ongi etorri errefuxiatuakpankarta eraman du kalejiran zehar. Beste talde batek Picassoren Guernica koadroa irudikatu du beste pankarta batean. Erribera kalea zeharkatu ondoren, Moilaberriko zubitik barrena Gernika parkeko plazatxora heldu dira. Han, tren geltoki zaharraren parean, egin da eguneko ekitaldi nagusia. 

Mahatma Gandhiren esaldi batekin hasi da ekitaldia: "Ez dago bakerako biderik, bakea baita bidea”. Errefuxiatuek egunero pairatzen duten tragedia izan da aurtengo bake eguneko ekitaldiaren gaia. “Ezin dugu tragedia honen aurrean begiak itxi. Zumaiarrak errefuxiatuak izan gara; nola itxiko dizkiegu ateak?”, galdetu du Ibon Ibarguren irakasleak. 

Ikastetxean ikasten duten bi haur armeniar igo dira jarraian oholtzara. Idatzi bat irakurri dute, bi hizkuntzatan, armeniarrez lehenbizi eta euskaraz jarraian.

Gerra Zibileko kanporatuen gaia atera du jarraian. Aurten betetzen dira 80 urte 252 zumaiar herritik kanporatuak izan zirela. Gaur egun hedabideetan ikusten diren errefuxiatuekin parekatu ditu irakasleak. “Pertsona horiek ikusten dituzue, haurrak besoetan dituztela. Imajinatu ahal dezakezue hori hemen gertatu zela?”.

Zumaia uztera behartuak izan ondoren, beste hainbat herritan hartuak izan zirela gogoratu du. Euskal Herrian, baina baita atzerriko herrietan ere. “Guri ateak ireki gintuzten eta orain gu ari gara ateak ixten. Zer ari da gertatzen?”, galdetu du. 

Kanporaketen 80 urte betetzen direla-eta, zortzi kandela jarri dituzte Gernikako arbolaren alboan. Amaitzeko, John Lennonen Imagine abestia kantatu dute.