Zaintza lanak izango da Emakume Eguneko kartel lehiaketako gaia

Baleike 2017ko urt. 30a, 15:31

Martxoko hilabete morearen harira, Zumaiako Udalak eta Berdintasun Foroak abian jarri dute Emakumearen Eguneko kartel lehiaketa. 16 urtetik gorako zumaiarrei zuzenduta dago lehiaketa hau.

Parte hartzaileek otsailaren 21a bitartean aurkeztu ahal izango dituzte udaletxean haien proposamenak. Kartelak jaso beharreko testua. Martxoak 8. Emakumearen Nazioarteko Eguna. Zumaia 2017 izango da eta gaia, aldiz, Zaintza lanak: gizarte osoaren ardura.

"Izan ere, emakumeek, zaintzaile izateagatik bere gain hartzen dituzten kostuak oso handiak izan ohi dira, osasun, bizi kalitate, lan eta garapen profesional, harreman sozial, baliabide ekonomiko eta berezko denboraren ikuspegietatik, alegia. Hori dela eta, Udalak eta Berdintasun Foroak elkarlanean, aitorpen berezi bat eskaini nahi die esparru honetan lan egiten duten emakume guztiei”, azaldu dute Udaletik.

Partaide bakoitzak gehienez hiru proposamen egin ahal izango ditu DinA3 neurrian (297x420mm) eta irudia, egilearen izenarekin batera, gutun-azal itxi batean aurkeztu beharko da.

Irabazlea Berdintasun saileko eta Foroko kideek osatutako epaimahai bitartez erabakiko da. Saridunak 200 euroko opari txartela jasoko du Zumaiako saltokietan erabiltzeko. Horrez gain, haren proposamena 2017ko Emakumearen Eguneko egitaraua kaleratzeko erabiliko da, beraz, kartel hori, Udalaren esku geratuko da.

Era berean, proposamen guztiak (irabazlea barne) ikusgai jarriko dira Alondegian. Irabazi ez duten kartelak erakusketa amaitu eta 15 eguneko epean jaso beharko dira.