Bakearen Eguna ospatuko du Maria eta Jose ikastetxeak astelehenean

Baleike 2017ko urt. 27a, 16:52

Urtero egiten duen bezala, urtarrilaren 30ean Maria eta Jose ikastetxean Indarkeriaren aurkako eta Bakearen aldeko eskola-eguna ospatuko dute.

Indarkeriaren aurkako eta Bakearen aldeko egun honetan guda, biolentzia eta muturreko pobreziatik ihesi doazen pertsonei gure elkartasuna adierazteaz gain, Zumaian duela 80 urte desberdin pentsatzeagatik kanporatuak izan ziren familiak gogoratuko ditugu. 

Aurten, Bakearen egun hau Zumaiako Gernika parkean anbulategi zaharraren parean ospatuko da, Gernikako bonbardaketaren 80.urteurrena gogoratuz. 

Bakearen aldeko manifestazioa Maria eta Jose ikastetxetik goizeko 11:30ean aterako da. Erribera kaletik zehar Alondegiraino joango da eta handik Txomin Agirre ibilbidera.Txomin Agirre ibilbidetik, zubia zeharkatu ondoren, manifestazioa Gernika parkera iritsiko da eta han egingo da ekitaldi nagusia.

Zumaiako herria gonbidatu nahi dute Bakearen aldeko ekimen garrantzitsu honetan parte hartu dezan.

  1. Eguna: urtarrilaren 30a, astelehena.
  2. Ordua: 11:30.
  3. Lekua: Gernikako parkea, anbulategi zaharraren parean.
  4. Helburua: Indarkeriaren aurkako eta Bakearen aldeko nazioarteko egun honetan indarkeriaren inguruko hausnarketa egitea.