Justo Osa kooperantea hil da Kongon

Baleike 2017ko urt. 27a, 14:20
Justo Osa –ezkerrean–, Kasungamiko lagunekin. Argazkia: Kongolagun

Justo Osa kooperante zumaiarra hil da Kongon gaixotasun bat medio, 67 urte zituela. Osak 25 urte zeramatzan arotz lanak erakusten herrialde hartan.

Joseba Ossa senideak jakinarazi duenez, infekzio baten ondorioz hil da. Gabonetatik zebilen osasunez gaizki eta azkenean ezin izan du gaixotasuna gainditu. Atzo, hilaren 26an, hil zen.

Ossak kontatu duenez, azkenaldian nahikoa etsita zegoen Kongon bizi duten egoerarekin. Gerra zibila gertatzeko arrisku bizian daude –1994an ere izan zen gerra, eta Justo han harrapatu zuen–, eta europar batzuk hasi omen dira Kongotik alde egiten. Justo Osak, berriz, han gelditzeko asmoa izan du beti. "Nire hezurrak hemen geldituko dituk", esaten omen zien gertukoenei. 

Arotza ofizioz, Kongora oporretara joateko aukera izan zuen Justo Osak 1992an, Zumaiako moja karmeldarrek gonbidatuta. Hilabete pasatzeko asmoarekin joan eta hantxe gelditu zen bizitza osorako. 43 urte zituen orduan. Hango gazteei ofizioa erakusten eman ditu bere bizitzako azken 25 urteak, Kasungami herrixkan. 

Familia ere han osatu zuen, eta hiru seme-alaba utzi ditu: Xanti, Izaskun eta Lurdes.