Zumaiako igeriketako harrobia landu nahi du Taosa klubak

Baleike 2017ko urt. 26a, 15:05
Argazkia: Jon Arano

Lubakiko ikastaroetan dabiltzan 20 bat haurrekin debuta egin du igerilekuko lehiaketetan. Ikastaro hauetan dabiltzan umeek igeriketan jarrai dezatela lagundu nahi dute horrela.

Taosa igeriketa taldeak urtarrilaren 14an egin zuen bere debuta igerilekutako lehiaketetan. Haurrekin egin zuten debut hori, Azpeitian, eskola kirolaren baitan. Hogei bat ume eraman zituzten jardunaldi horretara eta pozik atera ziren guztiak, haurrak, gurasoak eta Taosako kideak, maila polita erakutsi ondoren.

Orain urte gutxi batzuk udako itsas zeharkaldietara begira sortutako taldearentzat beste pauso bat izan da igerilekutako lehiaketetan hastea. “Gehienbat haurrekin bideratu dugu. Gure mailetan igerilekuan lehiatzeko gogo hori ez dugu oraingoz. Horretarako, gainera, klubak federatuta egon beharko luke eta, gaur egun, ez dugu planteatu ere egiten; ez guk lehiatzeko, behintzat”, adierazi du Axier Olasagastik, Taosako kideak. “Federatu nahiko genuke, baina haurrak lehiatu daitezen. Aurten txikiekin hasi gara, eskola kirolaren barruan, federatu gabe parte hartu dezaketelako”.

Lubaki kiroldegira hurreratzen denak ikusiko du igerilekua jendez gainezka egoten dela eguneko zenbait ordutan. Modan dagoen kirola da igeriketa Zumaian eta, interes horri erantzun nahian, Kirol Patronatuak zenbait ikastaro antolatu ditu. “Arazoa da behin igerian ikasten dutenean edo maila batera heltzen direnean, ez dutela irtenbiderik. Kirol hau egiten jarraitzeko kanpora joan behar dute, Zarautzera edo Azpeitiara”, dio Taosako kide Imanol Badiolak. Ume hauen zaletasunari jarraipena eman nahian hasi da kluba haurrak lehiaketetara eramaten, “klubarentzako ere onurak ekarriko dizkiolako”.

Lubakiko igerilekuko ikastaroek sei maila dituzte eta, lehiatzerako orduan, oinarri sendoenak dituztenei dei egin die. “Ohiko ikastaroez gain, ostiraletan beste saio berezi bat antolatu dugu beraientzat, beti ere, lehiaketa hauetara bideratuta”. 40 bat gutun igorri zituzten eta 20 bat haurrek erantzun dute. “Beraiek ere ez zekiten ondo lehiaketak nolakoak izango ziren. Bazuten, bai, lehiatzeko txip hori. Azpeitiara joan ginenean eta igerilekuan 200 bat ume ikusi zituztenean, harrituta geratu ziren, bai umeak, baita gurasoak ere”.

Zailtasunak

Estreinako hitzorduan haurrek maila polita erakutsi zutela nabarmendu dute. “Denontzako pozgarria izan zen. Haurrak ilusioz beteta daude”. Datozen hilabeteotan Oñatin, Bergaran eta Eibarren egingo diren jardunaldietara joateko gogoz daude.  “Hasieran esaten genien oraindik landu gabeko umeak direla. Ohiko ikastaroez gain, gurekin ordubete egiten dute eta ahal duguna erakusten diegu. Beste herrietan, Azpeitiako klubean, adibidez, astean hiruzpalau aldiz entrenatzen dute. Saio espezifikoak egiten dituzte. Gure proiektu honetan antzerako zerbait egin nahiko genuke”.

Lubakin eskaintzen diren ikastaroen sisteman aldaketak egitea eskatzen dute. “Behin igerian ikasten dutenean eta maila bat dutenean, klubera pasatzea proposatzen dugu. Hala, taldean jarraipena izango lukete beraiek nahi duten arte. Eta, behin federatuta, adin tarte batean, astero izango lituzkete jardunaldiak”.

Asmoak aurrera eramateko, ordea, zailtasunak dituzte. Gai honen inguruan Kirol Patronatuarekin talka egin dutela diote. “Orain dugunaz gain gehiago ez dugu eskatzen. Dutenaren [ikastaroen] zati bat guri uztea eskatzen dugu, harekin lan egiteko. Haur hauek inguratuta, entrenatzaile bat ekartzeko aukera sortuko litzateke. Baina beraiek ez dute nahi”.

Federatzearen kontua dator atzetik. Kirol Patronatuaren laguntza jasotzeko federatu behar izatera behartzen dutela salatzen dute, gaur egun, bideaezina dena. “Igeriketan federatzeko 3.000 euro ordaindu behar ditu klubak urtero. Mila fitxa dituen klub indartsu batek edo hamar bazkide dituen beste batek, kopuru bera ordaindu behar du. Hori astakeria da.  Orain 30 lagun gaude klubean eta ezin dugu kopuru hori gure gain hartu. Talde bezala pausoak ematen joateko Kirol Patronatuaren laguntza behar dugu”.