Hondakinen Mahaian aurkeztu da bailaran abian jarriko den zabor bilketa zerbitzu mankomunatua

Baleike 2017ko urt. 26a, 14:53

Asteartean egin zen udaletxean Hondakin Mahaiaren bilera, udal gobernuko, Natur Taldeko, Zero Zaborreko, Atez atekorik ez plataformako eta oposizio taldeko ordezkariekin.

Bertan Zumaiak eta bailarako gainerako 4 udalerriek Urola Kostako Mankomunitatean sinatu berri duten zabor bilketa zerbitzu mankomunatuaren berri eman zitzaien mahai-kideei eta, Udalak prentsa ohar baten bidez jakitera eman duenez, guztiek begi onez ikusi zuten aipatutako akordioa.

Jakina da orokorrean, zaborren eta hondakin sistemaren gaiak oihartzun handia izan duela azken urteotan. Zumaiaren kasuan esaterako, 2013ko maiatzaren 13an Hondakin mahaiko kideek sistema berri bat ezartzeko akordioa sinatu zuten garai hartan jarri nahi zen atez atekoaren alternatiba gisa. Aipatutako hitzarmena, ordea, geldirik egon da azken urteotan eta ondorioz, ez da aurrera eraman.

Udalaren esanetan, aurreko legealdian sinatutako sistema hori gauza ezina zen eta eskualdeko beste herriekin sistema bakar bat ezartzeko aukerak landu dira. 2016ko urriaren 28an Urola Kostako Udal Elkartean egindako Zuzendaritza Batzordean, sistema berria aurkeztu eta horrez gain, alderdi politiko guztiek osatutako lan talde bat sortu zen, zeinak, abenduaren 1ean, aho batez onartu zuen sistema mankomunatua.  

Horren bitartez, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera, Udal Elkartea arduratuko da hondakinen bilketa eta kudeaketaz, errefusa barne.  Sistema berriaren arabera, errefusa eta organikoaren edukiontziak txipdun txartel bidez irekiko dira, egunero eta nahi adina aldiz, eta gainerako edukiontziek gaur egungo sistemarekin jarraituko dute. “Sinatutako akordioari esker, Udalak bi helburu nagusi bete ditu: 2013an sinatutako hitzarmenari erantzuna ematea batetik eta orain arte udalerri bakoitzak kudeatu duen errefusaren bilketa Mankomunitatera bideratzea, bestetik” azaldu du Oier Korta alkateak ohar honetan.

Sistema mankomunatu berriak, besteak beste, hondakinak gaika biltzeko ehunekoa igo eta errefusa kopurua murriztea ekarriko duela gehitu du. Hondakin Mahaiak jarraipena izango duela gaineratu du Udalak, zerbitzuaren inguruko gai desberdinak jorratzeko eremu gisa.