Ontziola ikastetxean

Baleike 2017ko urt. 24a, 16:46

80 urte baino gehiago dituen anguletarako erabiltzen zen txanela ari dira berreskuratzen Zumaiako Institutuan. Aste Santurako berriro uretan izatea dute helburua.

Matematika, euskara edo filosofiaz gain, ontzigintza ere ikasgai bihurtu da Zumaiako Institutuan. Iaz egurrezko ontzi tradizionalen maketak egiten hasi ziren eta aurten, beste pauso bat emanda, Beduako erriberan ahaztuta zegoen txanela zaharra berreskuratzeko lanekin hasi dira. Bizpahiru hilabeteko epean ontzia berriro uretan jartzeko helburua dute proiektuaren bultzatzaileek.

Institutuak Sagarbiden duen eraikinean kokatu dute Sagarbide Ontziola izeneko espazioa. Bertan dute txanela zaharra. Hala, berritze lanak aurrera joan ahala, ikasleek prozesua jarraitzeko aukera izango dute.

Ikasle eta irakaslez osatutako bost laguneko lantaldea ari da oraingoz zaharberritze lan honetan: Mattin Etxaniz, Beñat Eizagirre eta Alex Arribas DBH 3ko ikasleak, eta hauen lana gainbegiratzen Pello Iribar eta Mitxel Gorrotxategi irakasleak.

Urola ibaian anguletarako 50 ontzi baino gehiago zeudela dio Pello Iribarrek. “Horietatik bi bakarrik geratzen dira. Bat Beduola elkarteak du hartuta eta bigarrena orain ekarri dugun hau da. Hark bost metro eta erdiko luzera du; honek bost metro”.

Zumaiako Institutua eta Beduola elkartearen arteko elkarlanaren beste pauso bat da hau. “Iaz 1:10 eskalako txalupen maketak egiten hasi ginen eta ikasleei ikaragarri gustatu zitzaien”. azadu digu Gorrotxategik. “Ikusita interesa zegoela, bigarren urte honetan erronka bat jarri diogu gure buruari eta benetako ontzi bat berreskuratzen saiatu gara”.

80 urtetik gorako  ontziak, bere bizitzaren erdia inguru, 40 bat urte, lehorrean pasa ditu, Bedua txiki baserrian. Buruz behera egonda, lurra ukitzen zituzten egur xaflak ustelduta zituen. “Azkenekotan zegoen eta bertan utzi izan bagenu, galdu egingo litzateke, aurretik beste gauza asko galdu diren bezala”, azpimarratu du Gorrotxategik.

Hiru ikasle gazteek egindako lehen lana kaltetutako egur zatiak kentzea izan da. Ostiralean aritu ziren lan horietan, ikastetxeko atarian. Sarrerako horman itsatsita dute lanen egutegia: Beñat Ibaieta eta Anjel Etxaniz arotzarekin konpontze-plana egin; ontzia garbitu; ontzian dauden egur hondatuei (entablazioak, bragerak, sobrekarelak, tosta...) txantiloiak atera, eta abar luze bat.

Berritze lanak Aste Santurako amaitzea espero dute, “festa polit bat eginda ontzia erriora bueltatzeko”. “Arranplara eramango dugu eta handik Beduara itzuliko da. Han dago  ontziralekua eta Bedua txiki baserrikoek zainduko dute. Hala, herriko jendeak ezagutu dezake nolakoak ziren anguletarako erabiltzen ziren txanelak, argitu du Iribarrek”.

Unescoren babesa

Egitasmo honekin Unescoren sarean sartzeko aukerak daudela adierazi du Antton Garikanok, Institutuko zuzendariak. “Urola Kostako ikastetxeetako zuzendariekin bilera bat egin zen Algorri zentroan. Unesco Etxekoak etorri ziren eta Geoparkeaz eta ondare material eta ez materialaz hizketan aritu zitzaizkigun. Proiektuak aurkezteko esan ziguten. Iaztik genuen txanelaren proiektuarekin, Unescoren nazioarteko ikastetxe sarean sartzeko aukerak ditugu. Prozesu horretan gaude eta Bilboko Unesco Etxeak esan digunez, programa hau erdiz erdi sartzen da beraien dinamikan. Hala, Unescoren babesa jasoko genuke”.

Zumaiako Udalak bat egin du proiektuarekin. “Bere osotasunean bat egiten dugu. Beraiekin bildu gara eta diru partida bat bideratuko dugu proiektu honetarako”, azaldu digute.