Urtebetean bikoiztu egin da bisita kopurua baleike.eus-en

Baleike 2017ko urt. 19a, 16:12

2016an 800.000 bisita izan ditu baleike.eus webguneak, eta bi milioi inguru izan dira zabaldutako orrialdeak. Bigarren urtez segidan, aurreko urteko kopuruak bikoiztu egin dira. 

2015eko datuak eman genituenean, urte berezia izan zela nabarmendu genuen. Webguneko erabiltzaile kopurua hazi baino ez da egin 2004an sortu genuenetik, baina 2014tik 2015erako koska azpimarratzeko modukoa izan zen, ia bikoiztu egin baitziren estatistiketako kopuru nagusiak: 2014an, 205.000 bisita izan genituen, 2015ean 401.000; egunean, batazbeste, 1.100 bisita izan zituen baleike.eus-ek 2015ean eta nahikoa kopuru garrantzitsua iruditu zitzaigun orduan. Bada, 2016an berriro oso gora egin dute kopuruek, aurreko urtekoak ia bikoizteraino: 2016an 797.170 izan dira bisitak eta bi milioi (1.979.093) irakurritako orrialdeak; egunean, 2.178 bisita izaten ditu baleike.eus-ek, duela bi urte baino lau aldiz gehiago.

Bisita gehien izan zuen hilabetea urria izan zen. 84.000tik gora saiorekin. Eta marka guztiak hautsi zituen eguna, urriaren 6a, 7.521 saiorekin. Zer gertatu zen egun hartan?

Baina zenbakiekin zorabiatu gabe, urtetik urtera gure eskaintza osatzea eta hobetzea da benetako erronka. 2016an Baleike aplikazioa jarri genuen martxan, eta emaitza politak eman ditu: 50.000 bisita inguru izan ditu, eta 1.266 lagunek erabiltzen dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren aipamen berezia jaso zuen (Tokikom aplikazioekin batera) Gipuzkoapps sariketan. 2017an ere izango dira nobedadeak. Bitartean, segi baleike.eus erabiltzen!