Saritutako hainbat pelikula emango ditu Ostarrenak neguko hiruhilabetekoan

Baleike 2017ko urt. 17a, 14:50

Nazioarte mailako hainbat zine jaialditan saritutako pelikula sorta bat emango du Ostarrena zineklubak zine forumeko neguko hiruhilabetekoan. Hasteko, 2016ko Canneseko urrezko palmondoa irabazi zuen Ken Loach britainiarraren Yo, Daniel Blake emango du. Saioa ostegun honetan izango da, 22:00etatik aurrera, Aita Mari aretoan.

Daniel Blake arotza da, baina, bihotzeko arazoak direla-eta, lana utzi egin beharko du, eta gizarte laguntza eskatu. Sendagileak lanik ez egiteko esan arren, administrazioak lan bat bilatzera behartu nahi du. Rachel ezagutuko du: bi haur ditu, eta herritik 450 kilometrora dagoen etxea onartu behar izan du.

Ken Loach britainiarrak (El viento que agita la cebada, Lloviendo piedras) hain ondo ezagutzen duen langile munduaren borroka islatu du orain ere pelikula honetan. Canneseko sariaz gain, Ikuslegoaren saria jaso zuen iazko Donostiako Zinemaldian,

Otsailaren 2an Paul Verhoeven zuzendari holandarraren azken lana, Elle, emango da Aita Marin. Hollywooden Robocop edo Instinto Basico pelikulak egin ondoren, azken biak, El libro negro eta Elle hau Europan egin ditu. Orain aste gutxi banatutako Golden Globe sarietan atzerriko pelikula onenaren eta emakumezko aktore onenaren sariak jaso zituen, azken hau Isabelle Huppert frantziarraren lan txundigarriarengatik.

Otsailaren 16an Jim Jarmusch zuzendari estatubatuarraren azken lana, Paterson, emango da. Poesia maite duen autobus txoferra da lan honetako protagonista. 

Martxoaren 2an Raul Arevalo aktoreak zuzendari bezala egiten duen lehen pelikula emango da, Tarde para la ira. Antonio de la Torre buru duen pelikula 11 Goya Saritarako izendatuta dago.

Hiruhilabetekoa amaitzeko, martxoaren 16an Corneliu Porumboiu errumaniarraren El tesoro emango da. Komedia honek aktore talde honenaren saria jaso zuen 2015eko Canneseko zine jaialdian.