GUTUNA: Eguzkik eskatu dio Jaurlaritzari Oikian eta pendiente dauden beste saneamendu-proiektuetan inbertitzeko

Eguzki 2017ko urt. 14a, 13:21

Eguzkik salatu du aspalditik pendiente diren hainbat saneamendu-lan gero eta gehiago atzeratzen ari direla, funtsean Eusko Jaurlaritzak ez dituelako betetzen horiek finantzatzeko hartu zituen konpromisoak. Gauzak horrela, Eguzkik Urkulluren gobernu berriari eskatzen dio arazoari merezi duen bezala heltzeko eta hori 2017ko aurrekontuetan islatzen hasteko.

Oikiako saneamendua da atzerapen handia pilatzen duten proiektuetako bat. Kontuan izan, 2007an, instituzioek 2011. urte bitartean Gipuzkoako hainbat lan hidrauliko aurrera eramateko hitzarmen bat sinatu zutela eta lan horietako bat Oikiakoa zela. Bukatu berri den urtean onartutako plangintza berriaren arabera, berriz, pendiente dauden lan horiek, 3,4 milioi euroko aurrekontua dutenak, ez dira egingo... 2022-2027ra arte! Beraz, gauzak orain arte nola joan diren ikusita eta Jaurlaritzak gaiari behar bezala heldu ezean, Oikiak ia sine die jarrai dezake ur zikinak behar bezala araztu gabe isurtzen.

EAJren eta PSEren artean izenpetutako gobernu-akordioak beste gauza asko ez ezik honako hau ere badio: "Uraren hornikuntza, saneamendu eta arazketa azpiegitura hidraolikoak garatu eta eraikiko dira, dagoen plangintzaren arabera". Baina plangintzak epeak ere zehazten ditu, eta, Oikiako kasuan bezala, proiektu askotan epe horiek ez dira bete; beraz, plangintza urratu egin da. Jaurlaritzak saneamenduan orain arte baino diru gehiago inbertitu ezean, plangintza urratzen jarraituko du eta gobernu-akordioaren zati hau ezerezean geratuko da.

Behin baino gehiagotan entzun izan dugu egiteko dauden saneamendu-proiektuak egiten joango direla "dirua dagoen neurrian". Baina dirua egon badago. Arazo honetan, beste hainbatetan bezala, lehentasunak ezartzean dago gakoa. Hori bai, Jaurlaritzak, 2016an egin duen bezala, Departamentuaren aurrekontuaren % 72 Abiadura Handiko Trenera bideratzea erabakitzen badu, geratuko zaizkion sos apurrekin nekez beteko ditu beste alor batzuetan dituen konpromisoak, adibidez, saneamenduarenak. Gainera, ez da begi-bistatik galdu behar AHT finantzatzea berez ez dagokiola Jaurlaritzari, Estatuko gobernuari baizik, eta saneamendua, berriz, bai.

AHT "estrategikoa" omen da. Alabaina, saneamendua baino "estrategikoagoa" ote? Gure ustez, saneamendua estrategikoa baino gehiago da, oinarri-oinarrizkoa baita. Ulertzen dugu politikoentzat ia edozer saneamendua baino glamorurosoagoa izatea. Alabaina, guk, Bertolt Brechten urak gure errotara ekarriz, badakigu proiektu txarrak, txarragoak eta zitalak dauden bezala, proiektu onak, hobeak eta bikainak ere badaudela. Eta gero daude ezinbestekoak: horietakoak dira saneamenduarekin zerikusia dutenak.

P.S. Jaurlaritzak agindutako dirua inbertitu ez duelako Gipuzkoan egin gabe dauden saneamendu-proiektuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, begiratu honako web honetan