Martxan da San Jose kaleko igogailurako ideia lehiaketa

Baleike 2017ko urt. 13a, 15:14

Abenduan iragarri modura, Eusebio Gurrutxaga eta San Juan egoitza artean igogailua jarri ahal izateko ezinbestekoa zen lursaila erosi ostean, Udalak abian jarri du proiektuaren idazketa prozesua.

Horretarako arkitektoei zuzendutako ideia lehiaketa deialdia zabaldu du. Horren bitartez proiektua gauzatzeko diseinu proposamen ezberdinak jaso eta aztertu nahi dira behin betikoak auzoko irisgarritasuna hobetu eta bertako bizilagunen mugikortasuna erraztu dezan. Aurkeztutako proiektuak, igogailuaren diseinuaz gain San Jose 18 eta 20 arteko lursailaren erabilera eta irtenbide arkitektonikoa ere proposatu beharko ditu.

Parte hartzaileek otsailaren 15a bitarte aurkeztu ahal izango dituzte haien proposamenak Zumaiako Udaletxean. Behin lan guztiak aurkeztuta epaimahaia osatuko da.

Epaimahaiak jasotako proiektu proposamen guztiak aztertu eta irizpide ezberdinen baitan bost hoberenak aukeratuko ditu. Besteak beste, aintzat hartuko ditu proiektuaren kalitate arkitektonikoa, herritarren beharretara egokitzeko duen gaitasuna eta hirigunean duen integrazio maila.

Ondoren, aukeratutako bost proposamenak herritarrei aurkeztuko zaizkie, haiek, bozka bidez, egokiena eta gustukoena dutena aukeratu dezaten. Horretarako erakusketa publiko bat antolatuko da eta 10 egun izango dira bozkatzeko.

Behin parte-hartze prozesua amaituta, epaimahaiaren puntuazioari herritarrengandik jasotako bozkak gehituko zaizkio eta puntu gehien lortzen dituen diseinua izango da proposamen irabazlea, beraz, hari esleituko zaio proiektuaren idazketa lana eta obra zuzendaritza.

Lehiaketan parte hartzeko interesa duen orok oinarrien inguruko informazio gehiago jaso ahal izango du www.zumaia.eus webgunean, kontratugilearen profilean.

Sariak

Lehiaketa guztietan bezala, epaimahaiak hautaketa egin ondoren eta herritarren botoak zenbatu ostean, sari banaketa egingo da. Irabazleak 6000€ko ordainsaria jasoko du, bigarrenak 1.500€koa eta hirugarrenak aldiz 1000€koa.

Horrez gain, 500€ko 2 sari eman ahal izango dira accesit modura, epaimahaiak hala erabakiz gero.