Ikuskizuna ziurtatuta dago igandean jokatuko den VI. mushing lasterketan

Baleike 2017ko urt. 12a, 16:11

Txakurkros, patin eta bikejoring modalitatetan jokatuko da. Mikel Etxeberria eta Duke izango dira irteera puntuan eta harekin hitz egin dugu lasterketari buruz.

Zumaiako VI. mushing lasterketa jokatuko da igande honetan, iaz bezala, Basustagainean. Pasa den urteko bideari jarraituaz hiru modalitatetan jokatuko da : txakurkrosa, patinetan eta bizikletan (bikejoring). Albaitaritza kontrola goizeko 8:30etik 10:30era bitartean izango da eta horren ondoren hasiko dira lasterketak: 10:30ean patinetakoa eta bikejoringekoak (4.300 metroko distantzia egingo dute) eta 11:30ean txakurkrosa (hauen kasuan, egin beharreko distantzia 8.300 metro izango da). Amaitzeko, 12:30ean, haurren txanda izango da. Izen-ematea zabalik dago www.herrikrosa.eus web gunean. Umeenak egunean bertan emango dira.

Igandeko probetan parte hartuko dutenen artean Mikel Etxeberria dago. 2015eko lasterketa irabazi zuen eta aurten bizikletan eta lasterka parte hartzeko asmoa du, Duke txakurrarekin. Zumaiako probaren berezitasunak ondo ezagutzen ditu. 

Hamaika urtez Zumaiako arraunlaria izana, arraun denboraldiko azken denboraldian, 28 urte zituela (orain 33 urte ditu) hasi zen mendiko lasterketen eta txakurkrosen munduan. "Anaia txakurren karreretan ibiltzen zen eta probatu nahi nuen. Beti gustatu izan zait mendia eta baita txakurrak ere. Baserrian txakurrak genituen eta betidanik gustatu izan zaizkit. Ikusi nuen lasterketa hauek egiten zirela, probatu nuen, ikusi nuen ondo joaten nintzela eta hala hasi nintzen".

Duke izeneko txakur alaskar bat izan du bidelagun Mikelek. "Trineoan erabiltzeko ekarri zituzten eta mantsoak zirelakoan, bat probatzeko utzi ziguten. Guretzako nahikoa eta gehiegi izan zen. Gero, taldetik kanpo zuten beste bat ere eman ziguten. Bi txakurrekin hasi ginen eta orain zazpi ditugu". Txakurrek hamar urte dituzten arte dute lasterketa hauek korritzea. "Dukek bost bat urte ditu, beraz beste bost urtetan parte hartu dezake".

Txakur berarekin aritzeak abantailak dituela dio. "Guretzako hobeago da eta beraiek ere konfiantza handiagoa hartzen dute. Entrenamenduak ere txakur beraiekin egiten saiatzen gara. Gogorra ere bada hori, muskuluen hausturak ere sortzen direlako. Patinekin entrenatzen saiatzen gara, arazo fisikoak ez izateko".

Zumaiako txakurkrosa lehen bi urtetan irabazi duen Pedro Etxeberriarekin anaiarteko lehia izan zuen Mikelek hasiera batean. Orain maila desberdinetan korritzen dute. "Pedro beteranoetan aritzen da eta ni seniorretan". Aurtengo faboritoen artean Zumaiako III. eta IV. txakurkrosak irabazi dituen Joxe Felipe Larrazabal eta Gaizka Aretxaga izango direla uste du. "Gaizkak ere txakur alaskar bat ekarri du eta segundu bat edo bian ari zait irabazten. Irteera ez du oso indartsua, baina beherantz oso ona da. Gero, Euskal Ligarako eta Iparraldeko Ligarako puntuagarria denez, baliteke Galiziako korrikalari batzuk etortzea eta horrekin ikuskizuna ziur izango dela".

Lehen lau lasterketak San Lorenteko zelaian egin ziren; azkena, baina, Basustagainean korritu zen. Aurten ere bertan egingo da. "Jende bat kexatu egin zitzaigun, jaitsiera oso labainkorra eta arriskutsua zelako, eta euria egiten duenean, gehiago. Beste liga batean sartzeko asmoa genuen eta horretarako nahitaez zirkuitua aldatu behar zen. Iaz Basustagainean egin zen eta oso erantzun ona izan zuen. Beraz, ez dugu aldatu".

Txakurkrosetan aritzeaz gain, lasterketa luzetan ere parte hartzen du Mikel Etxeberriak. "Lasterketa oso desberdinak dira. Txakurrenak 10 kilometroz azpikoak izaten dira, topera egin behar dira eta oso nekagarriak dira. Luzeak lasaiago hartzen ditut. Gero, desnibel handiagoa izan, niretzako hobeto". Hiru Haundiak izan da korritu duen lasterketa luzeena. "100 kilometro ditu. Hortik ez naiz pasa eta ez daukat pasatzeko asmorik!".